Altzarrate izena izango du Latiorro auzoko futbol zelaiak aurrerantzean. Inaugurazio ekitaldia egin zuten atzo kirol zelaian, eta Laudioko futbolari ohiak zein Athletic Klubekoak izan ziren protagonista nagusi.
Inauguraketa, ordea, 12:00etan izan zen, Altzarrate kirol elkarteak antolatuta. Lehenbizi herriko apaizari eman zioten hitza zelaia bedeinkatzeko, eta jendetza batu zen norgehiagoka zein aurkezpena zuzenean ikustera. Izan ere, ordezkari politikoak ez ezik, futbolari ezagunak ere hurbildu ziren Laudiora.
Ohorezko aurreskuaren txanda izan zen segidan, eta Arkaitz Eskuza pilotariari eman zioten lehen sakea egiteko ohorea. Ez zen izan, ordea, omendu bakarra. Jose Anjel Iribar Athletickeko jokalari ezagun ohiari ere oroigarria eman zioten, urtemuga medio. Ondoren, talde argazkien parada heldu zen.
12:15 aldera hasi zen Laudio eta Athletic taldeko kide ohien partida, eta zuri-gorri bizkaitarrak gailendu ziren, etxekoei 5-0 irabazita.