Ezohiko saio batez gozatzeko aukera egon zen ostiralean Faktorian, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eskutik. Hiru elementu nahastu zituzten emanaldian: bertsoak, zientzia eta umorea. Kike Amonarrizek egin zituen aurkezle lanak. Berarekin batera, hiru zientzialari (Aitor Cevidanes, Itziar Garate eta Oskar Gonzalez) eta bi bertsolari (Uxue Alberdi eta Miren Artetxe) igo ziren oholtzara.
Mekanika sinple bezain dinamikoa zuen ikuskizunak: zientzialari bakoitzak gai bati buruzko hitzaldi laburra eskaini zuen eta, jarraian, bertsolariek gai horren inguruan abestu zuten, Amonarrizek proposatutako egoeretatik abiatuta.
ETB1eko Hitzetik hortzera programako kideak ere egon ziren Faktorian eta saio osoa grabatu zuten, gerora telebistan emititzeko helburuarekin
Oskar Gonzalez izan zen solasaldia eskaintzen lehena. Kimikari laudioarrak beiraren kolorea izan zuen hizpide. Aitor Cevidanes albaitariak, aldiz, eltxo eta arkakusoen ziztaden inguruan mintzatu zen. Itziar Garate astrofisikariak, bere aldetik, planeta eta izar batzuei 'Su' eta 'Gar' deitzeko prozesua azaldu zuen.
Dozenaka lagun bertaratu ziren saioaz gozatzera, baina ez ziren entzutera mugatu. Amonarrizek zutik jarri zituen denak, zientziari lotutako lehiaketa azkar eta barregarri batean parte hartzeko.
ETB1eko Hitzetik hortzera programako kideak ere egon ziren Faktorian eta saio osoa grabatu zuten, gerora telebistan emititzeko helburuarekin.