BIDEO ERREPORTAJEA

'Euskararen arnasgida ez-perfektua' sortzeko lehen urratsa eman dute Faktorian

Txabi Alvarado Bañares 2023ko mar. 1a, 08:30

‘Euskararen arnasgida ez-perfektua eraikitzen’ mintegia egin zuten iragan larunbatean Faktorian. Badalab euskararen esperimentazio espazioak eta Aiaraldea Ekintzen Faktoriak sustatu dute proiektua, euskararen erabilera espazio funtzional zein tenporaletan nola bermatu eztabaidatzeko.

“Euskararen espazioak” ugaritu egin dira azken urteetan: kafe antzokiak, hainbat motatako eragileak, euskararen etxeak… tamaina eta mota ezberdinetako arnasgune formal zein informal ugari daude Euskal Herrian. Baina, euskararen erabilera nagusi al da toki horietan? Nola bermatu daiteke horrela izatea, ingurua nagusiki erdalduna denean? Zer funtzio bete beharko lukete horrelako proiektuek euskararen normalizazioan?

Galdera horien (eta beste askoren) inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko bildu ziren dozenaka pertsona iragan larunbatean Aiaraldeko arnasguneetako batean; Faktorian, hain zuzen. Euskal Herriko hainbat txokotatik bertaratu ziren, norbanako moduan edota eragile zehatzen ordezkari gisa, eta goiz osoa igaro zuten aipatutako kezken inguruan bueltaka, talde dinamika eta mahainguruen bidez.

Badalab euskararen esperimentazio espazioak eta Aiaraldea Ekintzen Faktoriak antolatu zuten mintegia, helburu argi batekin: baliabideak biltzea eta sortzea arnagusneetan euskararen presentzia eta erabilera bermatzeko. Euskararen arnasgida ez-perfektua osatu nahi dute horretarako, eta horri begirako lehen urratsa izan zen larunbateko zita. 

Hala azaldu zuen ekimenaren antolakuntzan murgilduta dagoen Beñat Garaiok. Soziolinguista gasteiztarraren iritziz, “oso emankorra” izan zen topaketa. “Oso parte hartze polita eta zabala egon da, eta abipuntu ona izan da proiekturako”, ziurtatu zuen. 

Arnasguneen inguruan hausnartzen

Zer da arnasgune bat? Galdera horri tiraka abiatu zuten goizeko lehen talde eztabaida eta mahaingurua. Ideia ugari atera ziren mahai gainera. Terminologiaren egokitasuna izan zen zalantzan jarri zen gauzetako bat, ea ez ote zen 'arnasgune' baino 'babesgune' erabiltzea egokiagoa, arnasgune hitzak erabiltzeak zerbaitek “itotzen” duen seinale ez ote den…

Arnasguneen funtzio eta beharrak ere izan zituzten hizpide: gaur egungo “gizarte likidoan” zein puntura arte den posible horrelako espazioak mantentzea, hizkuntza teknologiek zer paper jokatu dezaketen horrelako proiektuetan, ghettoak sortzeko arriskuak, proiektuen jasangarritasuna…

Emun aholkularitza enpresako Olatz Olasok adibide bat jarri zuen mahai gainean, bere esperientzia pertsonaletik tiraka: “Enpresa baten barruan nahibeste baliabide jarri ahal zaizkio langile berriari euskaraz komunikatzeko, baina kafea hartzerako orduan hitz egiten den hizkuntza zein den izango da faktorerik determinanteena”. 

Sinergia bila

Goizean zehar beste eztabaidagai bat landu zen, hauxe: ea zer ikasi zezakeen euskarararen aldeko mugimenduak beste borroka eta dinamika batzuetatik. 

Ildo horretan, feminismoaren adibidea izan zen gehien aipatu zenetako bat. Arnasguneak “zaintza gune” ere izan behar dutela aldarrikatu zuen Marieneako Biki Pozok, euskarak zein feminismoak “bazterretik erdigunera” bide bera egin behar dutela iritzita, eta euskararen arnasguneetan ere erasoak egon daitezkeela ohartarazita.

Oinherriko Iker Agirrek, aldiz, haurrak ere erdigunean jartzearen beharra jarri zuen mahai gainean. “Askotan aipatzen da haurrek ez dutela euskara erabiltzen, horrek etorkizunean zer eragingo duen galdetuta, baina haurrak oraina ere badira”. 

Lurralde desorekak ere izan zituzten hizpide, ‘zentroen’ eta ‘periferien’ arteko hartu-eman konplexuak. “Oso erraza da Markinan euskaraz bizitzea, baina markinarrek zein hizkuntza erabiltzen dute Bilbora doazenean? Hor dago gakoa”. Valentziako Unibertsitateko Gemma Sanginesek bere “etorri berri” ikuspegitik aipatu zuen euskaldun petoak diren pertsona batzuk “gehiago lasaitzen” direla eta ez diotela hizkuntzari egoera guztietan eusten. 

Administrazioaren ardurak

Administrazio publikoak bete beharko lituzkeen funtzioak ere izan zituzten eztabaidagai goizeko hainbat unetan. Getxoko Kultura Elkarteko Xabi Payak aldarrikatu zuen administrazioa arnasgunea izan beharko litzatekeela berez, eta hori exijitu beharko litzaiokeela. “Arnasguneak edo babesguneak diren proiektu gehienak ‘iniziatiba pribatutik’ sortu dira, horrek dakarren guztiarekin: proiektuak mantentzeko dirua bildu beharra…”. 

Joxean Amundarainek (Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikaria) bat egin zuen baieztapen horrekin, baina horretarako administrazioarekin elkarlanean aritzeko beharra jarri zuen mahai gainean, “eta ez administrazioaren aurka”. 

Larunbateko zitaren ostean, lanean jarraitzeko asmoa dute Badalabek eta Aiaraldea Ekintzen Faktoriak. Mintegian jasotako ekarpen guztiak “patxadaz” bildu eta aztertzea izango da lehen urratsa, gidaren lehen zirriborroa osatzeko gero

Balizko gida zirriborratzen

Balizko arnasgida batek izan beharko lituzkeen ezaugarriez eztabaidatzen igaro zuten mintegiaren azken blokea. Hainbat ideia, kezka eta zalantza azaleratu ziren orduan: gidan jasotzen diren elementuak “euskalgintzatik kanpo dauden pertsonek” ere ulertzeko modukoak izan behar dutela, ea marra gorriak ezarri behar diren edo ez, balizko gida horrek pertenentzia sentimendu bat sortu behar duela, norbere ibilbidea errepetatu behar dela, ezin zaiela besteei eskatu norberak betetzen ez duena…

Argi geratu zen gida ezin zela zeozer trinkoa izan. Baina, era berean, aipatu zen ondo legokeela oinarri bat egotea, edo “gida osatzeko metodologia bat” behintzat, elkarte edo espazio bakoitzaren errealitatera moldatu ahalko litzatekeena. “Dena ezin da gidan zehaztu, intuizioari ere utzi behar zaio tokia”, nabarmendu zuen Marikobaso proiektuko Txerra Rodriguezek. 

Aurrera begira

Larunbateko zitaren ostean, lanean jarraitzeko asmoa dute Badalabek eta Aiaraldea Ekintzen Faktoriak. Mintegian jasotako ekarpen guztiak “patxadaz” bildu eta aztertzea izango da lehen urratsa, Garaiok aurreratu duenez. “Ondoren, Arnasgidaren behin behineko bertsio bat osatzeari ekingo diogu”. 
Arnasgidaren “bertsio ez-perfektua” osatzea izango da azken helburua, eta tresna hori interesa duten eragile guztien esku uztea. Horretarako, webgune bat ere atonduko dute, eta bertara igoko dituzte biltzen dituzten material eta baliabide guztiak, larunbateko mintegien bideoak tartean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide