Ostiralean arratsaldean, 19:00ak aldera, Ertzaintza Laudioko bi tabernatan sartu zen eta zigor aktak egin zizkien 20 laguni.
Esku hartzeak Laudioko bi establezimendutan izan ziren, bata herrigunean eta bestea auzune batean. Herrigunean 7 lagun identifikatu eta Hiritar Segurtasunerako Legea ezarri zieten, 'Mozal Legea' gisa ezagunagoa dena. Ertzaintzako prentsa zerbitzuak azaldu du esku hartze hori Laudioko Udaltzaingoak eskatuta egin zela.
Beste lokalean 13 pertsona geratu ziren isunaren zain. Ostalaritza negozio horretan ustez legez kanpoko substantziak kontsumitzen ari zirenei ez ezik, jabeari ere egin zioten akta, kontsumoa terrazan ari zelako izaten eta berari egotzi zioten hori ekiditeko ardura.
Lekukoek adierazi dute txakurrak eta miaketak egon zirela lokaletan, baita identifikatutako herritarren autoetan ere.
Aipatzekoa da duela hilabete baino gehiago Ertzaintzak beste bi herritar inputatu zituela drogen kontsumo eta salmentaren ondorioz, taberna batean operazioa egin ostean.