Atzo zendu zen Juan Mari Ugalde Etxabe, 75 urte zituela. Oso pertsona ezaguna zen Laudio Ikastolatik igaro diren ikasle belaunaldi askorentzat, 28 urte igaro baitzituen bertan lan eta bizitzen, eskolazain moduan, jubilatu zen arte.
Aurretik, Aretako Lipmesa enpresan aritu zen behargin moduan. 1970. hamarkadaren amaieran izan zen hori. Frankismoa bukatuta, langile borroken loraldi bat jazo zen eskualdean. Lipmesako langileek grebara jo zuten, eta zuzendaritzak 40 lagun kaleratuta erantzun zuen, Ugalde tartean.
Arrankudiagako etxe batzuetan igeltsero lanak egitera pasa zen orduan, baina laster luzatu zioten Laudio Ikastolako atezain izateko gonbita. Bertako gurasoa zen garai hartan, eta aktiboki parte hartzen zuen egiten ziren auzolanetan. Hala oroitzen zuen berak Ikastolako 50. urteurreneko libururako eginiko elkarrizketan: “Egun batean Patxi Goitia etorri zen nigana esanez ea biharamunean ikastolako eraikin berrira joan nintekeen, eskolazain moduan aritzera. Hasieran pentsatu nuen ohiko auzolanetan aritzeko zela, baina gero esan zidaten ezetz, langile moduan aritzeko zela. Ostean esan zidaten bertan bizi behar nuela… nola bertan bizi? Ba bai, bertan igaro ditut 28 urte”.
San Fermin Egunean bihurtu zen Ugalde Laudio Ikastolako lehen atezaina, 1979ko uztailaren 7an. Hala oroitzen zuen berak liburuan: “Bunker handi bat zen Ikastola. Ez zegoen inor, ni bakarrik lanean. Obra amaitu berri egon arren, sekulako lana zegoen oraindik egiteke. Eraikina zegoen, baina oso zikin. Abuztu eta irailean guraso asko etorri ziren garbiketan aritzera, sekulako lana egon zen hemen”.
Hurrengo hiru hamarkadak ere oso biziak izan ziren Ugalderentzat. Berak beti aipatu zuen bi eskolazainentzako jarduna zegoela Ikastolan, “bestela lana ez delako inoiz amaitzen”. Horregatik, auzolanek berebiziko garrantzia izaten jarraitu zuten Ikastolaren egunerokoan, eta horietan ere aktiboki parte hartzen jarraitu zuen Ugaldek: “Asteburuetan biltzen ginen guraso talde bat, egin beharreko ‘txapuzak’ zerrendatu eta burutzeko”.
“Nire zati bat ikastolan dago, eta horrela sentitzen dut. Ikastola dena izan da niretzat. Orain 20 urte izango banitu eta hona etortzea proposatuko balidakete, ez nuke dudarik izango”
Bestelako anekdotak ere ekarri zituen gogora Ugaldek Ikastolako libururako eginiko elkarrizketan, Guardia Zibilaren bisitak, adibidez. “Guardia Zibilak pinuen artean egoten ziren ezkutatuta, ez dakit zer behatzen, eta gure txakurrak bien bitartean zaunkaka”. Baina gauza atseginagoak ere oroitzen zituen, larunbatetan ikasleekin eginiko bizikleta txangoak kasu.
Urteen poderioz, Ikastolako figura klabeetako bat bihurtu zen Ugalde, ikasle zein langileen begiradatik ikusita. “Juan Mari instituzio bat zen guretzat, ordura arte ez genuen izan inolako atezainik”. Hala oroitzen du Ikastolako liburuan Belen Aldama ikasle ohiak.
Ugaldek, bere aldetik, beti defendatu izan du Ikastola aurrera ateratzeko eginiko auzolanaren garrantzia. “Behin esan zidaten: yo pago las cuotas y el trabajo ya lo haceis vosotros. Eta nik: nola? Kuotak ordaintzea izango da guraso moduan egingo duzu gauza bakarra? Hori ez da horrela”.
Ildo horretan, garaiak asko aldatu direla zioen elkarrizketan: “Lehen jendea prest egoten zen edozein lan egiteko. Orain jendea modernoagoa da, eta lana beste norbaitek egiten badu, ba hobeto”.
Dena den, pozik zegoen Ikastolan eginiko lanarekin, eta ez zuen beste ezergatik aldatuko, aitortu zuenez: “Nire zati bat ikastolan dago, eta horrela sentitzen dut. Ikastola dena izan da niretzat. Orain 20 urte izango banitu eta hona etortzea proposatuko balidakete, ez nuke dudarik izango”.