Laudio eta Saharar herriaren arteko zubia eraikiko du Laudio Ikastolako Batxilergoko 2. mailako ikasle talde batek. Apirilaren 1etik 9ra Aaiuneko Bucraa herrira egingo dute bidaia, saharar errefuxiatuen kanpamentuetako errealitatea bertatik bertara ezagutzeko asmoz. Hain zuzen ere, Laudiok Bucraarekin duen senidetza baliatuko dute Ikastolako ikasleek, bi herrien arteko harremanak estutzeko.
Smara izena jarri diote elkartasun ekimenari eta, saharar herriarekiko elkartasuna adierazteaz harago, errefuxiatuen egoerarekiko kontzientziazio eta sentsibilizazio ariketa bezala ere baliatuko dute egitasmoa.
Saharako egonaldian, Bucraa herriko nagusien eguneko egoitzan arituko dira lanean Ikastolako ikasleak. Ortu bat atonduko dute bertan, eta eraikineko hormak margotuko dituzte ere, beste lan batzuen artean.
Ekarpena proiektuari
Ikasturte hasieran ekin zioten proiektuari, eta hainbat ekintza egin dituzte azken hilabeteetan ekimena ezagutarazi eta finantziazio ekonomikoa eskuratzeko. Esaterako, Smara Eguna antolatu zuten Faktorian azaroan. Kamisetak eta poltsak ere jarri dituzte salgai. Gainera, postua jarri dute eskualdeko hainbat ekintzetan, bigarren eskuko produktuak saldu eta Smara proiektua sozializatzeko asmoz.
Saharara bidaiatzeko hilabete falta dela, proiektua "lau haizetara" zabaltzeko azken ahalegin bat egin du ikasle taldeak. Bideo bat sortu dute, Rosaliaren Despechá abesti ezagunaren bertsio batekin. Bertan, proiektua diruz laguntzeko aukera luzatu dute; ES4530350045250451190567 kontura transferentzia eginez edo 688 754 535 telefonora Bizuma bidaliz.