Lehen sektorearen gainbeheraren aurrean "egiturazko erabaki zuzenak" aldarrikatu ditu SOS Baserriak plataformak

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko mar. 21a, 16:30

Dolumin Barikuan ehunka herritar atera ziren kalera, SOS Aiaraldea plataformak deitu zuen mobilizazioan parte hartzera. / Aiaraldea.eus

Abeltzaintza eta nekazaritza sektoreak bizi duen egoera larrian egin du azpimarra SOS Baserriak plataformak. Elikagaien ekoizpen-sektorearen iraupena bermatzeko neurri eraginkorrak aldarrikatu dituzte.

Ehunka lagun mobilizatu ziren iaz, Laudioko Dolumin Barikuaren testuinguruan, lehen sektorearen defentsan. Mobilizazio hartatik urtebetera sektoreak bizi duen egoeraren balantzea egin du SOS Baserriak plataformak, "okerrera" egin duela ondorioztatuta.

Lehen sektorearen gainbehera datutan

Lehen sektorearen gainbehera horren adibide zenbait datu eskaini dituzte. Eustatek aurkeztutako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan astean 5-6 ustiategi desagertzen direla nabarmendu du plataformak. Alor horretan, 5 hektarea baino gutxiagoko edota emakumeak buru dituzten usteategiak dira kaltetuenak estatistiken arabera.

Biolurrek egindako Duina ikerketako emaitzak ere adierazgarritzat jo ditu SOS Baserriak plataformak. Ikerketa horren arabera EAEko lehen sektorea ez da iristen Gizarte Eskubideen Gutunak zehaztutako gutxieneko soldata duinerako baldintzetara.

Are gehiago, abeltzain eta nekazarien lanaldiek asteko 40 lan orduak %10 eta %53 bitartean gainditzen dituzte. "Zahartzea nabarmena da, eta baldintza horietan ez dago errelebo-aukerarik" adierazi dute eskualdeko baserritarrek.

Elikagaien KPIak gora egiten duen bitartean, jatorrizko eta helmugako prezioen arteko aldea % 65 igo dela ere azpimarratu du plataformak, COAGen datuetan oinarrituta. "Kontsumitzaileak gehiago ordaintzen du, baina ekoizleok gutxiago kobratzen dugu" laburbildu dute.

Tokiko arazoa

Gainbehera hori, ordea, kanpo dinamika globalen ondorio ez ezik, tokian toki hartutako neurrien eragina ere badela salatu dute Aiaraldeko baserritarrek: "Gu akabatzen ari gaituen ernamuina tokikoan sortzen da, eta Udal Hiltegia ixtea edo merkatuetarako osasun araudiaren interpretazio hiper zorrotza bezalako erabakietatik sortzen da".

"Baserritar txikiek beren animaliak korporazio handiei modu autonomoan sakrifikatzeko duten kanal bakarra kentzen bada edo ohiko salmenta-kanala oztopatzen bada, ezin gara harritu aste batetik bestera baserriak desagertzeaz", azaldu du plataformak.

Egoerari aurre egiteko "mesede-traturik" eskatzen ez dutela adierazi dute plataformatik: "Osasun-araudia aplikatzea eskatzen dugu, baina elikadura-sistemako beste edozein eragileri bezala, araudi hori gure errealitatetik, gaitasunetik eta elikadura-kulturatik interpretatzea ere eskatzen dugu". 

Maiatzeko Udal eta Foru Hauteskundeen ostean irekiko den ziklo berriari begira jarri dira SOS Baserriak plataformatik. Distribuzio handien mesedetan baino, tokiko nekazaritzako elikagaien ekoizpen-sektorearen iraupena bermatuko duten "egiturazko erabaki zuzenak" hartzea eskatu diete eragile politikoei. "Baldintza berdinetan, elikagai-ekoizleak bezala, eta ez azoka-egun bateko atrezzo folklorikoa bezala".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide