Laudioko EAJk historikotzat jo du amaitzear den legegintzaldia

Jone Gartzia Gerra 2023ko mar. 22a, 11:00
Datuek emango balute EAJ-PSE Udal Gobernu Taldea errepikatzeko desioa azaldu zuten otsaileko balorazioan.

Udal Gobernu Taldearen “lanari, ilusioari eta dedikazioari esker” hainbat proiektu estrategiko eta zerbitzu berri martxan jarri direla azpimarratu du alderdi jeltzaleak. Legealdi hasieran agindutako lan-lerroen % 90 bete dituztela ere goraipatu dute, eta argitu dute Ander Añibarro izango dela EAJren alkategaia.

Laudioko EAJk amaitzear den legegintzaldiaren balorazioa egin du. PSE-EErekin batera gobernatu du EAJk azken legegintzaldian eta iragan otsailaren 28an Udal Gobernu Taldeak balorazio positiboa egin zuen. Pandemiak eta prezioen gorakadak markatutako legealdia izanagatik ere, “emankortzat” jo zuten eta koalizioa errepikatzeko prest azaldu ziren.

Orain Laudioko EAJk prentsa oharra kaleratu berri du bere balorazioarekin eta “legegintzaldi historikoa” izan dela adierazi du, hainbat proiektu estrategikotan egindako aurrerapenengatik eta zenbait arlotan egindako inbertsioengatik. Horrez gain, 2019an aurkeztutako Legegintzaldi Planean zehaztutako 129 lan-lerroetatik %90 bete dutela azpimarratu dute jeltzaleek.

Proiektu estrategikoei dagokienez, “Antzokiaren lanak abiatzea, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berrikusten hastea, tren-geltoki berria eta Nerbioi ibaia bideratzeko lanetarako inbertsioak erakartzea, Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana, Lezeaga Aretoa irekitzea emakumeak ahalduntzeko gune gisa, bideen garbiketa indartzea edo liburutegi berria martxan jartzea” dira azpimarratu dituztenak.

“Dakigun ondoen egin dugu lan, guztiei entzun diegu, erabakiak hartu ditugu, batzuetan zailak, eta zintzotasunez eta gardentasunez kudeatu ditugu”, adierazi du Ander Añibarro alkateak.

Horrez gain, enpleguan, saltokietan eta ostalaritzan eta auzoen birgaitzean egindako inbertsioak eta lanak nabarmendu ditu EAJ udal taldeak. Kultura arloan eta politika sozialetan ere zerbitzu eta bide-orri berriei ekin dietela adierazi dute.

Lan guztiak burutzeko herritarren partaidetza sustatu dutela azaldu dute jeltzaleek eta, horretarako, entzuteko bide berriak jarri dituztela adierazi dute, tartean, inkestak, berrikuntza kolektiboko prozesuak eta kontseilu sektorialak. “Dakigun ondoen egin dugu lan, guztiei entzun diegu, erabakiak hartu ditugu, batzuetan zailak, eta zintzotasunez eta gardentasunez kudeatu ditugu”, adierazi du Ander Añibarro alkateak.

 

Era berean, Laudioko EAJk azaldu du udal gobernura iristean “beste administrazio publiko batzuekin harremanak eta erakundeen arteko lankidetza berreskuratu” zituela, eta, lan horren ondorioz, “inoizko inbertsio gehien” erakarri direla herrira.

Talde politikoak argitu du 70 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin dutela udalerrian Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Gobernu Zentralak eta Europar Batasunak.

EAJk azaldu du “inoizko inbertsio gehien” erakarri dituela herrira.

Balantzea eginda, EAJk zehaztu du Ander Añibarro egungo alkatea izango dela alderdi jeltzalearen alkategaia. Honek eskerrak eman dizkie herritarrei legealdian emandako konfiantzagatik eta “udalerria hobetzen jarraitzeko eta Laudio Araban zein Euskadin erreferentzia izaten jarraitzeko” lan egiteko “ilusioa, gogoak eta gaitasunak” dituztela gaineratu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide