Iragarri bezala, Aretako Guraso Elkarteak mugitzeari ekin dio tokiko ikastetxeko 2 urteko haurren gelaren itxiera ekiditeko eta bihar egingo dute lehenengo urratsa.
Hain zuzen, manifestazioa aterako da 18:00etan Altamira plazatik eta Laudioko Herriko plazaraino joko du, non egoerari buruzko irakurketa partekatuko duten.
Antolatzaileek deia zabaldu dute jendeak kamiseta gorriak jantzi ditzan. Izan ere, gelaren desagerpena Aretako herri izaeraren balizko desagerpenarekin lotu nahi dute eta, horregatik, honakoa izango da manifestazioaren lema: "2 urteko gela arriskuan!!! S.O.S Areta!!!".
Gogoratu beharra dago hezkuntza publikoari lotutako mobilizazio gehiago gertatu direla Aiaraldean azken urteotan, bereziki Amurrion, Zabaleko Eskola ixteko eta Mendiko Eskolako lerro bat desagerrarazteko asmoak azaldu baitzituen Eusko Jaurlaritzak.