Aretako Ikastetxeko 2 urteko umeen gela itxiko duela jakinarazi du Hezkuntza Sailak

Aitor Aspuru Saez 2023ko mar. 22a, 22:31

Aretako Ikastetxeak 100 urte beteko ditu datorren urtean. / Aiaraldea.eus

Ostiralean deia jaso zuen ikastetxeak eta Guraso Elkartea biltzen hasi da jadanik, erabakia ezer ezean uzteko helburuarekin.

Pasa den astean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailako teknikari batek telefono deiaz jakinarazi zion Aretako Ikastetxeari erakundearen asmoa dela bi urteko umeen gela ixtea. Hori argudiatzeko, antza, adierazi zuten Aretan adin hori duten bost umeetatik soilik bik erabiliko dutela. 

Zerbitzu publikorik gabe geratzeko arriskuan dauden bi familiak, guraso izan berri diren sendiak eta haurdun daudenak ere, berehala jarri dira harremanetan Aretako Guraso Elkartearekin eta hauek, aldi berean, erabakiaren kontra mugitzen hasi dira. 

Guraso Elkarteak uste du gela horren itxiera dela lehenengo urratsa ikastetxea bera ixteko.

Izan ere, gurasoen iritzia da hori dela lehenengo urratsa ikastetxea behin betiko ixteko eta horrek eragina izango luke herri izaeran, "Fabian Legorburu baita Aretako harremanen, izaeraren eta eragile sozialen sorburuetako bat". Bide batez, elkarteak gogoratu du bi urte barru 100 urte beteko duela ikastetxeak eta Aretako herritarrentzako azpiegitura eta zerbitzua izanik, beti izan duela ikasle kopuru txikia.

Aldi berean, azpimarratu dute Eusko Jaurlaritzak ulertu behar duela Areta ez dela Laudioko herrigunea eta zenbait kilometrotara dagoela ikastetxerik hurbilena.

Idazkiak

Aretako Ikastetxea jadanik lanean ari da erabakiaren kontrako idazkia bidaltzeko Jokin Bildarratz Sailburuari, Aintzane Arrese Arabako arduradunari eta Eugenio Jimenez zentroen eta planifikazioaren zuzendariari. Gauza bera egingo dute familiek.

Idazkiak prestatu ez ezik, sinadura bilketa ere abiatuko du Guraso Elkarteak.

Horrez gain, Guraso Elkarteak sinadura bilketa abiatuko du egoera salatzeko eta eskualdeko gainerako ikastetxe publikoen babesa ere bilatuko dute.

Horrez gain, bestelako elkartasun keinuak ari dira erakartzen, Yogurinha Borova artistarena kasu, eta Laudioko Udaleko ordezkari politikoei ere eskatu diete bilera.

Honakoa ez da Aiaraldea jazotzen den mota honetako lehen gatazka. 2021ean Amurrioko mobilizazio jendetsuak egin zituzten Zabaleko Ikastetxearen itxieraren aurka eta, momentuz, zentroa irekita mantentzea lortu dute. Mendiko Eskolako Guraso Elkartea, bere aldetik, hainbat elkarretaratze egin zituen iaz, eskolako lerro bat desagerraraziko zutela salatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide