Aretako Guraso Elkarteak mozioa aurkeztuko du astelehenean Laudioko Udal Osoko Bilkuran, 18:00etatik aurrera. Testu horren helburu nagusia izango da Udalak bere gain hartzea tokiko hezkuntza zentroko 2 urteko umeen gela ez ixteko aldarrikapena.
Horretarako, gurasoek exijituko dute bilera egitea, 30 egun igaro baino lehen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko arduradunen, Laudioko Udalean ordezkaritza duten alderdien, Eskolako zuzendaritzaren eta Guraso Elkartearen artean.
Batzar horren helburua izango da bideak bilatzea zaintza eta hezkuntza zerbitzua ez desagertzeko. Horrez gain, mozioak eskatuko dio Udalari aipatutako eragile guztiekin koordinatzea emango diren urrats guztiak.
Guraso Elkartearen argudio nagusia da gela horren itxierak eragin oso kaltegarria izango duela Aretan. Alde batetik, "eskola bera ixteko lehen pausoa delako".
Bestetik, eremuaren despopulazioan eragingo lukeela uste dute. Izan ere, aintzat hartuta hezkuntza zerbitzua dela herritarrek euren bizitokia finkatzeko orduan baloratzen duten ezinbesteko elementua, Guraso Elkarteak gogoratu du, Aretako eskola desagertuko balitz, "hurbilen dagoen zentro publikoa bi kilometrora baino gehiagora" egongo litzatekeela.
Mugimendu gehiago
Edonola ere, mozioaz gain, gaur bertan manifestazioa egingo dute Aretatik Laudiora. EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko taldeak, bere aldetik, azalpenak eskatu dizkio Jokin Bildarratz hezkuntza sailburuari hartutako erabakiagatik, ados ez baitaude.
#Hezkuntza sailak Aretako 2 urteko gela ixtea erabaki du. Ez dugu bat egiten. Horregatik:
— Ikoitz Arrese Otegi (@ik0itz) March 23, 2023
1. Azalpenak eskatu dizkiogu Hezkuntza sailari Legebiltzarrean.
2. Eskolako guraso elkartearen mozioarekin bat egingo dugu Udalean.
🗞️https://t.co/r5WmIapjRz pic.twitter.com/Nl1NI4RpuP
Halaber, EH Bilduk aurreratu du bat egingo duela astelehenean aurkeztuko den mozioarekin.