AURKEZPEN EKITALDIA

"Udalean esperientzia gehien duen taldea da Omniarena"

Txabi Alvarado Bañares 2023ko api. 2a, 21:00

Ekitaldia egin zuen Omniak atzo eguerdian Kasinoan hauteskundeetarako osatu duen hautagai zerrenda aurkezteko. 

Omnia oso aktibo egon da azken bi asteetan sare sozialetan, banan-banan aurkeztu baititu maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara aurkeztuko dituen hautagaiak. Gauzak hala, ez zen aparteko sorpresarik egon alderdi laudioarrak atzo Kasinoan eginiko ekitaldian, baina ordubete baino gehiago iraun zuen aurkezpenak, hainbat gai landu zituztelako. 

Iñaki Moskoso arduratu zen ekitaldia gidatzeaz. Umorea lagun, Omniako zerrendakideak banan banan aurkeztu zituen, hauek oholtzara igo eta konpromisoen dokumentu bat sinatzen zuten bitartean. Ondoren, bere burua aurkezteko unea heldu zenean (7. postuan doa Moskoso zerrendan) Alvaro Barriosek hartu zion lekukoa. Alkategaiak banaka aurkeztu zituen zerrendako lehen 7 kideak, eta bakoitzak zer postu beteko lukeen ere iragarri zuen. Gauzak hala, Omniak gobernatuko balu, Iñaki Moskosok hartuko luke euskararen saila, Txaro Sarasuak ogasunarena eta Raquel Masak gizarte ongizatearena, besteak beste. 

Barriosek nabarmendu zuen Omniarena dela udalean esperientzia handiena duen zerrenda, hautagaietako askok urte ugari eman dituztelako zinegotzi karguetan. Esperientzia guzti hori balioan jarri zuen zerrendaburuak, "askotan leporatzen zaigulako talde independeteei esperientziarik ez izatea".

Jose Luis Navarrok ere hartu zuen hitza ekitaldian. Abadiñoko alkate ohiak bere herriko talde politiko independentearen nondik norakoak azaldu zituen, eta aurten ere berriz aurkeztuko dela iragarri zuen, mota horretako hautagaitzek gobernatzeko aukerak dituztela nabarmenduz. 

Hauteskundeei begira

Barrios arduratu zen ekitaldia ixteaz. Alkategaia hauteskundeei begira jarri zen, eta EITBk plazaratutako inkesten emaitzak izan zituen hizpide. Bere iritziz, "aurresukaldatutako inkesta" horrek dionaren kontrara, Omniak du zinegotzi bat irabazteko aukera gehien, PSE-EEren kaltetan, "eta horrek asko aldatzen ditu gauzak". Zerrendaburuak ziurtzat eman zuen ez duela inork gehiengo absolutua lortuko; eta, beraz, Omniak alkatea aukeratzeko aukera izango duela iragarri zuen. "Hori izango da gure helburua, aurten alkatea Laudiok aukeratzea".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide