Lamuza Ikastetxean ikasi nahi zuen familia "zaurgarri" bat ere derrigortu dute itunpeko zentro batean matrikulatzera, Guraso Elkarteak salatu duenez

Txabi Alvarado Bañares 2023ko api. 4a, 18:00

Lamuzako Eskolako hezkuntza komunitateak iaz eginiko argazkia, hezkuntza publikoaren aldeko manifestazio nazionalaren atarian.

Lamuzakoarekin, bi dira orain arte Aiaraldean jazotako mota horretako kasuak, Amurrioko Zabalekon ere antzeko gertaera bat salatu baitu bertako guraso elkarteak. Eskualdeko hezkuntza zentro publikoetako zuzendariek adierazpen bateratua plazaratu dute gertatzen ari dena salatzeko. 

Iragan astean Zabaleko Eskolan salatutakoaren moduko beste kasu bat jazo da baita Laudioko Lamuza Ikastetxean ere, bertako Guraso Elkarteak salatu duenez. Laudioko zentro publiko horretan matrikulatzea erabaki duen familia bat "zaurgarri" moduan identifikatu eta itunpeko ikastetxe batera bideratu dute.

Lamuzako guraso elkarteak kritika zorrotza egin die Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurtengo matrikulazioan ezarritako irizpideei, egoera "zentzugabe eta ulertezinak" sortzen ari dela iritzita. Elkarteko kideen iritziz, "guztiz onartezina" da ikastetxe publikoetan "seme-alaben matrikulazioa formalizatzeko aukera ukatzen zaien familiak" egotea, "horretarako plaza libreak egon arren". Gainera, salatu dutenez, 2 urteko ikasgeletan dauden plazak murrizteari ekin dio Hezkuntza Sailak, "horren inguruko azalpenik edo justifikaziorik eman gabe". 

Lamuzako gurasoen aburuz, ezartzen ari diren neurriak "oso diskriminatzaileak, klasistak eta arrazistak" dira.

Horregatik, gurasoek nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurrien aurka daudela, "pertsonen, familien, auzoen, herrien eta ikastetxeen errealitatez ezberdinak zenbaki hutsera murrizten dituelako". "Zaurgarritasun-indizea" ezartzeko familiei betearazi zaien galdetegiaren aurka ere lerratu dira, "oinarrizko eskubideak murrizteko neurri-unitate" gisa erabiltzen ari delako. Lamuzako gurasoen aburuz, ezartzen ari diren neurriak "oso diskriminatzaileak, klasistak eta arrazistak" dira. Euren ustez, zaurgarritasuna ezin da soilik "termino ekonomikoetan" neurtu, "eta ez da onaragarria 'zaurgarri' gisa sailkatuak diren familiak, etiketatuaz izateaz gain, ez soilik ikastetxe bat aukeratzeko, baita bizitza proiektu bat garatzeko ere, eskubiderik gabeko gizarte-maila batera baztertzea". Ildo horretan, salatu dute ezin dela aukera berdintasuna bermatu horretarako eskubideak kendu egiten badira. 

Ikastetxe publikoetako zuzendarien adierazpena

Guraso elkarteak ez dira salaketa publikoa egin duten bakarrak. Adierazpen bateratua plazaratu dute Aiaraldeko ikastetxe eta institutu publikoetako eta Helduen Ikastetxe Publikoetako zuzendariek. Zabaleko eta Lamuzan gertatutakoak deitoratu dituzte, eta nabarmendu dute kasu horietako batean “anai-arrebak” banatzera iritsi dela Hezkuntza Saila, haurretako bat ikastetxe publiko batera eta beste bat itunpeko batera bideratuta. 

“Zaurgarritasun indizea” ere kritikatu dute oharrean, uste dutelako ez duela balio izan ikastetxeen artean dauden desorekak bideratzeko, ezta segregazioaren arazoa konpontzeko ere. “Desoreka nabarmena dago eta bestelako neurriak hartu behar dira, baliabide gehiago jarrita gehien behar dutenei”. 

Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzaren “pribatizaziorako joera” salatu dute. “Horren lekuko da gure hezkuntza sistemak bizi duen dualtasuna. Jaiotza tasarik baxuena izan arren, Europako tasarik altuenetakoa duugu itunpeko ikastetxeei dagokionez”. 

Gauzak hala, bi familia horiekin eginiko “bidegabekeria” zuzentzea eskatu dute: “Eskola publikoaren aldeko hautua egin duten familien nahia errespetatu eta bete behar da”. 

Salatu dutenez,  “anai-arrebak” banatzera iritsi da Hezkuntza Saila, haurretako bat ikastetxe publiko batera eta beste bat itunpeko batera bideratuta. 

‘Zaurgarritasun-indizea'-ren polemika

‘Zaurgarritasun indizearen’ aferak polemika ugari sortu ditu Aiaraldetik kanpo ere. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak galdetegi bat betearazi zien 2023-2024 ikasturterako aurrematrikula egin nahi zuten familiei, euren ‘zaurgarritasun maila’ ebazteko eta, modu horretan, “familia zaurgarrien oreka” bat lortzeko centro guztien artean.

Zenbait komunikabideetan agertutako datuen arabera, Laudion aurrematrikula egin duten ikasleen %10,1a katalogatu dute ‘zaurgarri’ moduan. Amurriok, aldiz, EAEko tasarik altuenetako bat du, %26,79koa. Bost zonaldek baino ez dute Amurriokoa baino indize altuagoa: Gasteizko 1. zonaldeak (%27,78), Bilboko Ametzola, Iralabarri eta Errekaldeberriko zonaldeak (%34,35), Bilboko Otxarkoaga, Txurdi, Santutxu eta Begoñako zonaldeak (%27,51), Ermuak (%30,56) eta Sestaok (%31,67). Hala ere, kontuan hartu behar da Eusko Jaurlaritzak indizea osatzeko baliatu duen galdetegiaren baliagarritasuna zalantzan jarri dutela hainbat hezkuntza eragilek, baita eskualdetik kanpo ere. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide