Atzo jaso zuen aitortza Mikel Ayllonek Ignacio Aldekoa Sarien 43. edizioan. Gasteizko Kultura Etxean egin zen sari banaketa, Arabako Foru Aldundiaren eskutik.
Erakundeak Elur beltza lana saritu du eta, ipuina argitaratu ez ezik, 6.000 euro ere emango dizkio Aylloni. Ez da lehen aldia laudioarrak horrelako aitortza bat jasotzen duena, besteak beste, Igartza Sariaren irabazlea izan baitzen 2013an Ez tiro egin anbulantziei eleberriari esker.
Arabako Literatura Sarien galan parte hartu zuten Cristina Gonzalez bigarren diputatu nagusiordeak, Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko diputatuak, Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko diputatuak, eta Arabako erakundeetako eta kulturaren arloko beste ordezkari batzuek, gainerako aitortuekin batera (Marcelo Donadello, Jose Ignacio Lopez Hernandez eta Oskar Gaztelu Bilbao).
"Helsinki elurtuan" girotuta dago kontakizun laburra, Ayllonen hitzetan. "Denok noizbait izan dugun ihes egiteko eta mundutik desagertzeko desio ezkutuaren inguruan hitz egiten du", azaldu du idazleak.
Datorren astelehenean aurkeztuko du sortzaile laudioarrak bere liburu berria, Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxean, 19:00etan.