Gaur eguerdian mobiliazioa deitu dute Madres Mercedarias zaintza zentroko langileek Laudion. 13:00etan ehun lagun baino gehiago batu dira Herriko Plazan, aniztasun funtzionala duten pertsonen zaintzaren ardura duten beharginen lanpostuen defentsan. Izan ere, abenduaren 31n zentroa itxi nahi du Madres Mercedarias kongregazio erlijiosoak, 116 langile eta erabiltzaile kalean utziz.
Hori dela eta, langileek protesta ziklo luzean daude buru-belarri, Bizkaiko Foru Aldundiak bermatu dezan zentroa ez dela desagertuko. Hau da, beharginek lanpostuei eutsiko dietela eta erabiltzaileak ez dituztela plazarik gabe utziko.
🎥 AZKEN ORDUKOA | Madres Mercedarias zaintza zentroko langileek Laudioko San Pedro eliza okupatu dute eguerdian, aniztasun funtzionala duten pertsonen zaintzarako azpiegitura ixteko asmoa baitaukate. pic.twitter.com/ZE2i6lskO3
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) April 23, 2023
Gauzak horrela, gaurko elkarretaratzearen ondoren, mobilizazioa ez da amaitu eta Lamuzako San Pedro Eliza okupatu dute langileek zein eurak babestera bertaratu diren lagunak. Apaizak bertan jakinarazi die ez dutela euren baimena, baina ekintzaileek erabaki dute geratzea. Udaltzaingoa bertaratu da eliza kanpoaldera, baina ez da inolako gatazkarik egon eta itxialdia giro lasaian burutu dute dozenaka herritarrek.
Hitzaldiak eta mahainguruak
Arratsaldean hitzaldiak eta mahai inguruak egin dituzte. Aiaraldeko ikastetxe publikoetako guraso elkarteetako kideek hartu dute hitza lehenbizi, hezkuntza zentro horietan bizi duten egoera azaltzeko (Gogoratu beharra dago ostiralean mobilizazioa egin zutela Laudion hori dela eta). Aiaraldeko Mugimendu Feministako kideak mintzatu dira gero, "Denon bizitzak erdigunean" dinamikaren nondik norakoak aurkezteko.
Baina mahainguru zentrala 17:30ean izan da. Bertan aritu dira Madres Mercedariaseko langileak, eta baita une honetan gatazkan dauden aniztasun funtzionaleko pertsonen zaintzako sektoreko beste hiru enpresetako ordezkariak ere: Gaude, Apdema eta Gorabide. Horrez gain, Asasameko kideak ere bertaratu dira elizara, eta hitza hartu dute amaieran, buru osasuneko arazoak dituzten pertsonentzako etxebizitza komunitarioak eskuratzeko eginiko borroka azaltzeko.
Bukatzeko, Aiaraldeko Greba Batzordeko kideek nabarmendu dute gaurko ekintza "urrats bat gehiago" izan dela, baina ez azkena. Gauzak hala, hurrengo aste eta hilabeteetan egongo diren deialdietara batzeko deia luzatu dute.
Gaurko helburua lortuta amaiera eman diogu itxialdiari.
— Aiaraldeko Greba Batzordea (@AiaraldeaGreba) April 23, 2023
Bidea ez da amaitu, borrokak jarraitzen du eta aiaraldeak erantzuten jarraituko du.
Dena dugu irabazteko!! Antolakuntza kolektiboa eta elkartasuna.#MercedariasEzItxi pic.twitter.com/4fcq3t3p1D