Bigarren edizioa bete du ICOFF Gasteizko formatu txikiko zinema jaialdiak. Sonia Palacios eta Kepa Sojo zinemagileek antolatu dute Vital Fundazioaren laguntzarekin. Azken honek Aiaraldeari adierazi dio “oso pozik” dagoela Esti Urresola lortzen ari den arrakastarekin.
Jaialdiaren balorazioa egitean ere, oso gustura agertu da honek izan duen harrerarekin: “Egunero bete dira areto guztiak eta sari banaketan jende asko egon zen, ia saritu guztiak bertaratu ziren…”. Gasteizko jaialdiaren bigarren edizioa amaitu berritan, hurrengoan pentsatzen ari direla aurreratu du Sojok.
Mundu osoko film laburrak eskaini dituzte astebetez Gasteizen, “munduko film labur onenak Gasteizera eta Arabako publikoari hurbiltzeko”. Hiru ataletan banatu dituzte filmok: ofiziala, Eusko-Araba deiturikoa eta nazioartekoa. Cuerdas ofizialean lehiatu zen; baina, ez zen jaialdian eman zuten eskualdeko lan bakarra izan. Izan ere, Ane Cuesta zolloarraren Asko falta da? Eusko-Araba sailaren barruan eman zuten egun berean (apirilaren 19an).
Orotara, 50 film labur baino gehiago erakutsi zituzten Vital Fundazioaren Kulturunean. Emanaldi guztiak bukatuta, joan den larunbatean eman zuten epaimahaikideek palmaresaren berri. Esti Urresolaren Cuerdas-i eman zioten sari nagusia. Eusko-Araba saileko irabazlea David Perezen Artesania izan zen eta euskaraz grabatutako ekoizpenen artean Eñaut Castagneten Muga nabarmendu zuten epaileek.
Sariz eta aipamenez jositako ibilbidea
Bide oparoa izaten ari da zuzendari laudioarraren bosgarren lana. Nazioarteko hainbat sari eta aipamen eskuratu ditu eta Goya sarietarako hautagaia ere izan zen. Berriki, Herbehereetako Go Short nazioarteko film laburren jaialdian ‘EFA candidate’ saria eskuratu du lan berarekin. Horri esker, Cuerdas 2023ko European Film Awards sarietan lehiatuko da ‘Europako Film Laburrak’ kategorian.