FIFA txapelketa, zozketak, welcome packs, 3D inprimagailua erabiltzeko aukera eta hitzaldiak egingo dituzte maiatzaren 6an Granja Kiroldegian 11:00etatik 20:00ak arte. Izan ere, antolatzaileen asmoa da Z belaunaldia izatea jardunaldiaren protagonista.
Horrela azaldu zuten ostegunean Bilboko Bisons Eclub e-sport taldeko arduradunek Laudion, egun horren filosofia eta helburuak argitzeko. Iñigo Garcia eta Ane Miren Castillo marketing eta komunikazio zuzendariek azaldu zuten xedea dela gazteek ondo pasatzea, baina baita arduraz jokatzeko beharra barneratzea ere.
Egitarau oparoa eskainiko dute horretarako, jokatzeko eta hausnartzeko parada emango duena.
FIFA Txapelketa
Antolatzaileek FIFA txapelketa dinamikoa egitea aurreikusi dute. Lau gaming postu jarriko dituzte pantaila eta aulki bereziekin, baita belar artifizialarekin ere. Jendeak denbora luzez itxaron ez dezan, minijokoak baliatuko dituzte eta txapelduna Play Station mando pertsonalizatuarekin sarituko dute. Horrez gain, zozketak eta welcome packs-ak egongo dira.
3D inprimagailua
Beste gune batean 3D inprimagailua jarriko dute eskura, publikoak baliatu dezan diseinu propioak sortzeko eta bere erabilpen praktikoa ezagutzeko.
Hitzaldiak
Edonola ere, jarduera horiek guztiak etengo dira hitzaldiak entzun ahal izateko. Bisons Eclubeko kideek argitu dutenez, solasaldien helburua da jende gazteak ulertzea e-sports-ak badirela aukera profesionala eta arduraz jokatzea ezinbestekoa dela.
Hizlariak izango dira Ignasi Abad Bilbo Bisonseko edukien zuzendaria, Uxue Tomé aiaraldearra eta Bilbo Bisonseko kidea (sektoreko langile gisa mintzatuko da), Nerea Viejo e-sports emakumezkoen Keres Klubaren zuzendaria eta Marta Bueno kirol psikologoa (e-sport klub baten egitura azalduko du).
Bisons Ecluba
Bilboko e-sport kluba 2021ean sortu zuten eta geroztik parte hartze oso lehiakorra izan du League Of Legends txapelketa profesionalean. Mediapro da lehiaketa horren jabea eta bilbotarrek Ibai Llanos edota Gerard Piquéren taldeen aurka jokatzen dute.
Ibilbide laburra egin badu ere, Bisonsek Euskalduna Jauregia baliatu du (han dute egoitza) 500 eta 600 laguneko ekitaldiak antolatzeko eta ildo anitzak jorratzeko: hezkuntza, joko arduratsuaren sustapena, edukien sorkuntza...
Izan ere, klubeko arduradunek azpimarratu zuten euren burua ikusten dutela entretenimendu iturri gisa eta, ildo horretan, Netflix edo telebistak dira arerioak, beste klubak baino.