Ehundik gora gazte bildu ditu Laudioko E-sports Egunak

Txabi Alvarado Bañares 2023ko mai. 7a, 20:00

Goizetik gauera arte luzatu zen egitasmoa Granja kiroldegian. Uxue Tome laudioarrak eskaini zuen eguneko azken hitzaldia.

Kirol elektronikoek zelairatu ziren atzo Laudioko Granja Kiroldegiko kantxan. Egun osoko topaketa antolatu zuen Bilboko Bisons Eclub taldeak, Udalarekin elkarlanean. Hainbat jardueraz gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek. Alde batetik, FIFA txapelketan parte hartu ahal izan zuten. Norgehiagoka arratsaldera arte luzatu zen, eta egunaren amaieran jakinarazi zuten zeintzuk lortu zuten puntuazio altuena. 3D inprimigailuak erabiltzeko aukera ere egon zen, eta haur zein heldu ugari bertaratu ziren tresna horien funtzionamendua gertutik ezagutzera. 

Horrez gain, lau hitzaldi eskaini zituen Bisons Eclub taldeak. Uxue Tomek eskaini zuen azken solasaldia. Gazte laudioarrak kirol elektronikoen sektorean dauden lan aukerak izan zituen mintzagai, eta nabarmendu zuen profil askotako pertsonak aritzen direla clubetan lanean, ez soilik bideo-jokalariak. "Nik, adibidez, publizitatea eta harreman publikoak ikasi nituen, eta diseinuaren alorrean aritzen naiz Bisons Eclub taldean", azaldu zien bertaratutakoei. 

Egunaren amaieran, Tomek positiboki baloratu zuen topaketak izandako harrera, egun osoan zehar ehundik gora pertsona bertaratu zirela nabarmenduta. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide