Helburu bikoitza izango du Mikel Albisu Iriarte ‘Mikel Antza’ idazle eta antzerkigileak maiatzaren 12an Faktoriara egingo duen bisitak. Alde batetik, 2021ean argitaratu zuen Arroz urez saiakera aurkeztuko du lagun batek egingo dizkion galderetatik abiatuta. Euskadi Ta Askatasuna erakundearen sorreraren eta amaieraren inguruko kontakizuna jasotzen du saiakerak, idazlearen bizipen eta esperientzia pertsonalek josia. “Liburuak talaia pertsonaletik gure iragan hurbilari eta gaurko egoerari botatzen dio begirada”, azaldu du Antzak. Aurkezpenean horren inguruko iritziak, kezkak eta galderak jasoko dituzte, eta ordubeteko saioan hainbat gairen inguruan hitz egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Beste xede bat ere badu Antzaren eta bere kidearen bisitak. Izan ere, Faktoria ezagutzeko baliatu nahi dute bidaia. Kultur proiektu bat sortu nahian daude eta Aiaraldeko esperientziaren berri izan nahi dute horretarako.
Arroz urez saiakeraren aurkezpenari dagokionez, “lekuari egokitutako giro berezia” sortzea espero du idazleak. Parte hartzaileek liburua irakurri duten ala ez izango dute kontuan formatua moldatzeko, eta jendearen kezken eta galderen arabera jardungo dira. Arroz urez gogoetarako aitzakia izan daitekeela uste du idazleak: “Liburuak aukera ematen die garai hori bizi zutenei oroitzapenetarako eta orduan non zeuden kokatzeko, zer sentimendu zituzten, zer pentsamendu... Bizi ez zutenei, aurkezpen batean kide batek esan zidan bezala, ateak irekitzeko balio die: garai horri begiratzeko, galderak egiteko, edo bestelako ikerketak egiteko”.
Liburua eskuratu nahi duenak aukera izango du horretarako Faktorian bertan, espazioaren ohiko ordutegian, solasaldiaren egunera arte. Solasaldian parte hartzeko ez da aurrez izena eman beharko. Maiatzaren 12an izango da aurkezpena, 19:30ean.
MIKEL ANTZA
— Aiaraldea Ekintzen Faktoria (@EkintzaFaktoria) April 11, 2023
Arroz Urez liburu aurkezpena eta solasaldia
📅MAIATZAK 12
🕔19:30
🎟️https://t.co/caVVZtFl1t
📢 Liburua eskuratu nahi duzu aurkezpena baino lehen? Faktorian erosi, edota mezutxo bat luzatu zure alea gordetzeko. pic.twitter.com/9TolO2onnC