Talde munizipalisten abantailak, trabak eta erronkak hizpide Omniak antolatutako mahai inguruan

Txabi Alvarado Bañares 2023ko mai. 19a, 07:00

Alvaro Barrios alkategaiaz gain, beste hiru hizlarik hartu zuten parte solasaldian: Sergio Tatok, Raul Palaciok eta Loren Olivak. 

Mahai inguru formatuko ekitaldia antolatu zuen atzo Omniak Laudioko Kultur Etxean. Talde munizipalisten nondik norakoak izan zituzten hizpide, errealitate hori ondo ezagutzen duten lau pertsonen eskutik: Alvaro Barrios (Omniaren alkategaia), Loren Oliba (La Voz del Pueblo taldearen alkategaia, 12 urtez Etxebarriko alkatea izandakoa), Raul Palacios (12 urtez Karrantzako alkate izandakoa) eta Sergio Tato (Okondo Aurreraren alkategaia). 

Talde munizipalistek betetzen duten funtzioa azalduz hasi zuten mahaingurua. Olivak, adibidez, aipatu zuen alderdi politiko batzuek euren “egiteko moduak” kopiatu dituztela urteek aurrera joan ahala (32 urteko ibilbidea du La Voz del Pueblok). Bere iritziz, euren talde politikotik jendeak gehien baloratzen duena da “Etxebarriri buruzko erabakiak Etxebarrin” hartzen direla. “Gainontzeko alderdiek estrategia askoz globalagoak dituzte, eta beste interes batzuk dituzte”, azaldu zuen.

Raul Palaciok, bere aldetik, bere proiektu politikoa nola sortu zen ekarri zuen gogra. Izan ere, egitasmo eoliko baten aurkako mugimendutik sortu zen Karrantzako taldea. “Udaletxera jo genuenean ateak itxita topatzeak zer pentsatu eman zigun. Politika herritarrak zerbitzatzeko dago, ez alderantziz”. Horrek bultzatu zituen “urrats bat gehiago” eman eta hauteskundeetara aurkeztera, bere hitzetan. 

Tatok, bere aldetik, ziurtatu zuen jendeak “kudeaketa ona” egitea baloratzen duela politikaren gainetik, eta enfretamendua ekiditeko beharra jarri zuen mahai gainean. “Alderdi politikoen zurrunbilo batean sartuta gaude, eta bizilagunei esan behar diegu badagoela politika egiteko beste modu bat, hurbilagoa. Ez duzula zertan talde politiko batekin haserre egon behar. Eztabaida pertsonen artean izan behar da, eta bizilagunak horren parte sentiarazi behar ditugu, ikusle hutsak izatera mugatu gabe”. 

Antzeko iritzia plazaratu zuen Barriosek ere. “Herria jartzen dugu edozein interes alderdikoiren gainetik. Independenteak gara baita beste talde independenteekiko ere”. 

“PSOEren arrosa saski bakoitzean Omniaren kanpaina bat dago. EAJk iragan larunbatean Laudion jarri zuen karparen muntaia hutsak Omniak bere historia osoan zehar eginiko kapaina guztiek beste balio du”

Desabantailak eta trabak

Onurak soilik ez, talde independenteek gobernatzeak dakartzan “desabantailak” ere izan zituzten hizpide. “Jokoaren parte da”, azaldu zuen Palaciok. “Hauteskunde kanpaina batek sekulako lana dakar. Alderdi tradizionalek lan horren zati handi bat eginda dute, eta abantaila handia da hori”. 

Beste erakunde batzuekin harremanak nolakoak diren ere aletu zuten. “Askotan esaten da zure herrian Aldundian gobernatzen duen talde berak gobernatzen badu, baliabide gehiago iritsiko zaizkizula, baina, guk argi dugu ezetz, eta datuekin frogatu dezakegu hori”, ziurtatu zuen Olivak; baina, aitortu zuen talde independeteei askoz gehiago kostatzen zaiela laguntzak eskuratzea. “Bizkaiko Foru Aldundiarekin oso zaila da, Eusko Jaurlaritzarekin apur bat errazagoa da. Hamaika bulegotako ateak jo behar dituzu. Beste batzuk, aldiz, kafe bat hartzen dute Sabin Etxean eta bertan zehazten dituzte dirulaguntzak”.

Harago joan zen Palacio, eta “ate birakariak” daudela aipatu zuen zuzenean, eta hori ere badela talde munizipalistek duten beste abantaila bat: “Alvarok (Barrios) alkatetza lortzen badu eta handik urte batzuetara kargua uzten badu, ez du posturik zain izango inon”. 

Omniaren alkategaiak, bere aldetik, hauteskundeetarako duten aurrekontu murritza izan zuen hizpide. “PSOEren arrosa saski bakoitzean Omniaren kanpaina bat dago. EAJk iragan larunbatean Laudion jarri zuen karparen muntaia hutsak Omniak bere historia osoan zehar eginiko kapaina guztiek beste balio du”. 

Solasaldiko azken hitzartzean, Omniaren ibilbidea goraipatu zuten kanpotik bertaratutako hiru hizlariek. Sergio Tatok nabarmendu zuen Laudio “itzalita” dagoela eta bultzada bat behar duela “bere garaian izan zena izateko”. Olivak, bere aldetik, Omniak azken 12 urteetan opozisioan eginiko lana goraipatu zuen bereziki, “erosoagoa delako gobernuan egonda lan egitea, gure kasuan bezala”. 

Jose Luis Navarrok ere hartu zuen parte, bideo baten bidez. Omniako kideei babesa eman zien Abadiñoko alkate ohiak, martxoan Kasinoan eginiko ekitaldian egin bezala. 

Ekitaldiari amaiera emateko, hauteskunde kanpainarako ekoitzi dituzten bi ikus-entzunezko proiektatu zituzten alderdi laudioarreko kideek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide