EAJren garaipena iragarri du EITB Focusek Laudion, baina beste alderdiek ere gehiengoak sortzeko aukera izango lukete

Aitor Aspuru Saez 2023ko mai. 19a, 12:50

EITB Focusek Laudion iragarritako emaitzak. / Aiaraldea.eus

EAEko hedabide talde publikoak EITB Focus hauteskunde inkesta berria egin du eta Laudion jokoa emango duten emaitzak iragarri ditu. Izan ere, EAJ berriro izango litzateke indarrik bozkatuena, baina gehiengo ezberdinak osatzeko aukerak egongo litzateke.

Gizaker enpresak EITB taldeari inkesta berria egin zion apirilaren 26a eta maiatzaren 12a bitartean, maiatzaren 28ko hauteskundeen bozketa asmoari buruz galdetzeko. Ikerketaren emaitzei dagokienez, martxoan egindakoarekin alderatuta, aldaketak gertatu dira. Ez dira oso handiak, baina bai nahikoak egoera berria islatzeko.

PSE-EEk zinegotzi bat gutxiagorekin geratuko balitz, bestelako gehiengoak sortzeko aukera egongo lirateke udal gobernu taldea osatzeko

Izan ere, EAJk gora egingo luke apur bat bozken kopuruan (33,2tik 33,9ra), baina baita EH Bilduk ere (27,8tik 31,3ra). Horri gehitu beharko litzaioke Omniak bere hiru zinegotziei helduko liekela eta PSE-EE, aldiz, ordezkari bakarrarekin geratuko litzatekela, bat galduta. Zinegotzi galera horrek ezinezkoa egingo luke indarrean dagoen udal gobernu taldea sortzea jeltzaleen eta sozialisten artean.

Udal gobernu talde ezberdina osatzeko aukera

Egungo udal gobernu taldeak EAJk eta PSE-EEk osatzen badute ere, EITB Focus ikerketaren arabera, zinegotzi horiek ez lirateke nahikoa gehiengo osoa izateko. Hau da, zortzi zinegotzi batuko lituzkete, bederatzi izan ordez.

Ainize Gastaka EH Bilduko alkategaia: "Herritarren parte hartze eredua errespetatuko duen indar politikoekin akordioak lortzeko prest gaude"

Horrek gehiengo ezberdinak egituratzeko atea irekiko luke. EITBk azpimarratu du EH Bilduk eta Omniak izango luketela giltza, baina ez Ainize Gastakak ez Alvaro Barriosek ez dute horrelakorik berretsi Aiaraldea Komunikabidearekin hitz egin dutenean.

Gehiengo berriak? EH Bilduren iritzia

Izan ere, Ainize Gastakak adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari EH Bildurentzat gakoa ez direla izango zinegotzien matematikak, parte hartze eredua baizik: "Guk proposatzen dugun herritarren parte hartze eredua errespetatuko duten indar politikoekin akordioak lortzeko prest gaude, baina horrek esan nahi du edozein alderdi izan daitekela, baldintza betetzen badu".

Omnia oso kritiko inkestarekin

Alvaro Barrios Omniako alkategaiak, edozein adierazpen egin baino lehen etorkizuneko balizko gehiengoei buruz, modu oso kritikoan mintzatu da Gizaker enpresako inkestari buruz: "Guretzat argi dago helburu politikoa duela inkestak eta nola aurkeztu dituzten emaitzak. Hain zuzen, uste dugu EAJ eta PSE-EEren jokaldia dela, zehazki, mamuak astintzeko eta botoa mobilizatzeko euren alde, adierazita euren botoa erabilgarria dela".

Alvaro Barrios Omniaren alkategaia: "Ez dugu ulertzen zergatik jartzen duten mahai gainean EH Bildurekin udal gobernu taldea sortzea. EAJrekin ere egin dezakegu"

Ildo horretatik, Barriosek ikerketaren metodologia kritikatu du: "Elkarrekin Podemosi buruz galdetu dute botoa ematerako orduan, jakinda koalizio horrek ez duela zerrendarik Laudion. Bere emaitzak %4,7 direla aintzat hartuta eta akats tartea %4,9 izanik, ez zaigu iruditzen serioa denik egin dutena".

Gehiengo berriei buruz galdetuta, Omniako zerrendaburua berriro kritiko izan da EITBrekin: "Ez dugu ulertzen zergatik jartzen duten mahai gainean EH Bildurekin udal gobernu taldea sortzea. EAJrekin ere egin dezakegu. Ordezkari kopuruak aukera ematen badu, guk defendatzen ditugun politiketan eragiteko baliatuko ditugu gure botoak. Berez, ez dugu uste udal hauteskundeetan boto erabilgarriaren mezua guztiz egokia denik, gehiengoak sortzeko gaitasuna da erabakigarria eta ez horrenbeste boto kopurua".

Ander Añibarrok maiatzaren 28a dauka buruan

EITB Focusen emaitzei buruz galdetuta, Ander Añibarro EAJko alkateak ez dio berebiziko garrantzirik eman: "Joerak neurtzeko balio dute, baina ez diot gehiago erreparatu".

Ander Añibarro EAJren alkategaia: "Inkestek joerak neurtzeko balio dute, baina gure buruan bakarrik dago maiatzaren 28an irabaztean"

Gehiengoei buruz itaunduta, Añibarrok azaldu du oraindik ez dutela ezer baloratu: "Helburua da maiatzaren 28an irabaztea. Gero ikusiko dugu zein aukera dauden. Legealdi honetan PSE-EErekin legealdirako akordioa lortu genuen, baina gai izan gara ere akordio mugatuak lortzeko. Hortaz, horrelako adostasunak bilatzeko gaitasuna dugu. Esan bezala, orain ez dugu hori buruan".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide