"Proiektu komunitarioa baliatu dugu klasean sortutako artelanekin erakusketa egiteko Aiaraldea Ekintzen Faktorian"

Aitor Aspuru Saez 2023ko mai. 31a, 17:00

Laudio Institutuko ikasleak dira Yeray Canive, Ixone Isusi eta Aitziber Aldama. / Aiaraldea.eus

YERAY CANIVE, IXONE ISUSI eta AITZIBER ALDAMA (Laudio, 2006) Laudio Institutuko ikasleak dira eta Aiaraldea Ekintzen Faktorian garatu dute klaseko proiektu komunitarioa. Ostiralean 19:30ean erakusketa inauguratuko dute ikastetxean sortutako artelanekin.

Zergatik hautatu zenuten Aiaraldea Ekintzen Faktoria zuen proiektu komunitarioa egiteko?

Aitziber Aldama: Erakargarria ikusi genuen.

Yeray Canive: Atentzioa eman zigun eta mezu elektronikoa bidali genuen.

A. A.: Bai, beste klasekide batzuk, adibidez, jarri ziren harremanetan Atletismo taldearekin, baina guk ikusi genuen aukera polita zela Faktorian zerbait egitea, jarduera anitzak daudelako. 

Y. C.: Espazio polita da, gainera.

Zein zen zuen ideia?

Y. V.: Ez genuen ideia guztiz zehaztuta. 

A. A.: Proiektua zen laguntzea, edozein zentzutan. 

Ixone Isusi: Azkenean, arte ikasleak garenez, otu zitzaigun onena erakusketa egitea zela. 

Y. V.: Gure proiektuak erakusteko balioko du.

A. A.: Egiten dugun lana zabaltzeko aukera da.

Erakusketa horretako lanak norenak dira?

Y. C.: Gure klaseko kideenak. Proposatu genien eta onartu zuten.

I. I.: Artelan guztiak klasekideenak dira. 

Y. C.: Etorkizuna landu dugu eta oso kontzeptu zabala da.

A. A.: Zehazki, gazteen etorkizuna da gaia. Gure egunerokotasunean oso presente dago gaia. 

Zein arte diziplina landu dituzue?

Y. C.: Argazkilaritza, marrazkia, eskultura -maketa baten bidez-, bideoa eta bi instalazio interaktibo. 

I. I.: Bederatzi edo hamar lan, guztira.

Y. C.: 19:30ean izango da inaugurazio irekiera. Aurkezpena egingo dugu testuingurua azaltzeko. 

I. I.: Norberak hitz egingo du bere artelanari buruz. Klasekide gehienak egongo gara.

Y. C.: Espero dugu jendeak gogoko izatea.

Etorkizuna da erakusketarako hautatu duzuen gaia, nola islatu duzue?

Y. C.: Norberak bere zentzua eman dio. Nik pantailak eta menpekotasuna sartu ditut argazki batean.

A. A.: Beste batzuek alde positiboagoari erreparatu diote. 

Zein da gogokoen duzuen arte diziplina?

Y. C.: Nik argazki bat erakutsiko dut, baina berez eskultura oso gogoko dut. Esaterako, buztinarekin lan egiten oso gustura nabil. Bolumenekin lan egitea zailagoa iruditzen zait; baina, forma ematea gogoko dut.

A. A.: Nik margotzea: akuarela, akrilikoa... Ez daukat erreferenterik baina margolari mota ugari gogoko ditut.

I. I.: Nik marrazkiak ditut gogoko, baina maketa bat erakutsiko dut. Buztinarekin ere oso ondo pasatzen dugu. Marrazteko orduan, gustura nabil grafitoarekin, arkatzarekin. Ez daukat artista gogoko bat, baina ikusten ditut gauza asko, esaterako, marrazki bizidunak, animazio japoniarra, adibidez. Pinteresten ikusten ditut inspiratzen nauten marrazkiak, esaterako.

A. A.: Gaur egun baliabide ugari dugu, Internet bidez gauza asko heltzen zaizkigu, inspiratzeko tresna da.

Etorkizuna landu duzue zuen erakusketan, nola ikusten duzue zuena?

Y. C.: Nik moda diseinua ikasi nahi dut. 

I. I.: Nik diseinuan edo horrelako zerbaitetan ikusten dut nire etorkizuna.

A. A.: Nik ez daukat argi.

Nola animatuko duzue jendea erakusketara etortzen?

Y. C.: Aukera oso polita da gure lanak zabaltzeko.

A. A.: Eskualdeko gazteek ere ikus dezakete gure erakusketa eta eurena egitera animatu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide