Nazioarteko Inside Out proiektuarekin bat egin zuten, laudioarren 313 erretratu baliatu zituen Kulturzaleak elkarteak iragan azaroan Lamuza Parkeko kultur etxea eta Lamuza Plaza ekimen artistiko ikusgarri batekin lotzeko. Ekimen artistiko bezain aldarrikatzailea izan zen hura. Izan ere, erretratuetan parte hartu zuten lagunek adierazpen bateratu bat sinatu zuten "erakunde publikoei politika berritzaileak, ausartak eta konprometituak" eskatzeko, Lamuza Parkea Kultura Parkea bilakatu dadin.
Apirilean Elizalde kalean Kulturzaleak Elkarteak irekitako lokal berrira eraman zuten ekimena, Garayo burdindegia zegoen lokalera, hain zuzen ere. Geroztik bertan egon dira ikusgai erretratuak.
Argazkiak jasotzeko unea
Argazkiak jasotzearekin emango diote amaiera Inside Out egitasmoari. Atzo abiatu zuten jasoketa, eta erretratuetan parte hartu zuten herritarrek ekainaren 9ra arte izango dute aukera hauek eskuratzeko. Gaur -ekainak 2- eta datorren ostiralean 18:00etatik 20:00etara egongo da argazkiak jasotzeko aukera. Ekainaren 8an, aldiz, 10:30etik 12:30era, merkatu egunarekin bat eginez.
Argazkien bilketa bideo batean jasoko dute Kulturzaleak Elkarteko kideek, egitasmoa borobiltzeko.