Altzarrate Kirol Elkarteak hitzordu garrantzitsua dauka asteburuan Gasteizen. Izan ere, kadete eta senior taldeek Arabako Kopako finalak jokatuko dituzte 12:30ean Betoñon.
Liga amaitu ostean, Kopa jokatzeari ekin zioten. Lehiaketa honetan buelta bakarreko ligaxkarekin hasten da eta gero lehenengo bi sailkatuen artean erabakitzen da txapelduna.
Gauzak horrela, kadete mailan Altzarrate bigarren geratu da eta partida bakarra galdu zuen, Alavesen aurka, hain zuzen. Klubeko arduradunek uste dute zaila izango dela talde gasteiztarrari irabaztea, selekzio bat delako eta oso egituratuta dagoelako.
Senior kategorian, ordea, Altzarrate izan da lehen sailkatua ligaxkan eta Hauskaitz izango du aurrean. Klubaren aburuz, partida berdindua eta orekatua izango da, antzeko mailako taldeak baitira.
Hala ere, itzal iluna dago Altzarrateren gainean finalerako. Izan ere, jokalari ugarik lesioak izan dituzte eta oso estu helduko dira. Ohikoan, jokalari kadeteekin betetzen dituzte hutsuneak; baina, final biak ordu berean jokatuko direnez, ez dute aukera hori izango.