Envases enpresak egungo langileekin zein behargin ohiekin ospatu du konpainiaren 75. urteurrena.
Aluminiozko ontzi arinak ekoizten dituen korporazioa Aiaraldeko talde garrantzitsuenen artean dago, 130 langile baino gehiago baititu kontrataturik.
Bere jarduera 1948an hasi zen. Negozioa sortu zuen familiak dauka oraindik lantegiaren jabetza eta aktiboki parte hartzen du erabakietan.
Zuzendaritzaren aburuz, "etengabeko modernizazio eta berrikuntza prozesua" izan da hain ibilbide luzea bete ahal izateko gakoa, "lehen mailako erreferentea izatea lortu du lurringintza eta kosmetika sektoreko enpresa ezagunenen artean, nazioarteko merkatu nagusietan presentzia oso esanguratsua izanik".
Aiaraldean ez ezik, Erresuma Batuan ere dauka lantegia Envasesek. Hala ere, eskualderako hitzak izan ditu efemeridera begira: "Laudioko eta Aiaraldea eskualde osoko hornitzaile eta kolaboratzaile guztien ekarpena ere azpimarratu behar dugu. Enpresaren iraganean beharrezkoak izan dira eta etorkizunean ere guztiz beharrezkoak izango baitira guretzat".