Ekainaren 9an eman zieten hasiera Orbeko Etxeko kideek 22. urteurreneko ospakizunei. Txupinazoaren ostean, Jon Arrizabalaga idazleak Alemanaren mamua liburua aurkeztu zuen, nazi bikote batek Markina-Xemeinen izandako pasarteak azaleratzen dituena.
Hurrengo egunean, larunbatean, Jesurira igo ziren herriko plazatik, Aiaraldean jarri nahi dituzten parke eolikoen aurka protesta egiteko. Igandean, ekainaren 11n, urtero egiten duten Txikipunk eguna ospatu zuten. Kirikiño taldeak lagunduta, boulder txokoa, puzgarriak, haurrentzako jolasak eta etxean egindako txokolate zein txurroak egon ziren bertaratu zirenen gozagarri.
Lehenengo asteburuko egitarauak jasotako harrerarekin “oso pozik” daude antolatzaileak, normalean Orbeko Etxera gerturatzen ez den jende ugarik bertaratzeko eta proiektua ezagutzeko aukera izan baitzuen. Gainera, ohikoa duten gisan, etxeko eragile bakoitzak ekintzaren baten ardura izan zuen.
Etzi, bigarren txanpa
Ostegun honetan ekingo diote berriro 22. urteurreneko ospakizunei. Ekainaren 15ean "zineforum mitologikoa" egingo dute, janari eta guzti. Ostiralean, Euskaraske taldeak Laudioko loreak ezagutzeko txangoa antolatuko du Lamuza parkean. Ekintza euskara hutsean izango da eta Jose Blancok gidatuko du.
Asteburuarekin amaitzeko, larunbatean egingo dute urteurren osoko kontzertu gau bakarra. Metal, punk, hardcore eta greencore doinuak nagusituko dira Arabatik, Bizkaitik eta Herrialde Katalanetatik etorriko diren musika taldeekin: Zutik!, Useless Head, Piketa Punk eta Thanatopraxy.
Hirugarren txanpa
Hurrengo ostegunean, ekainaren 22an, Elkarbizitza espazio autogestionatuetan mahai-ingurua egingo dute Orbeko Etxean. Antolatzaileek aurreratu dutenez, elkarbizitzaren hainbat ardatz landuko dituzte Euskal Herriko zenbait espazio autogestionatuetako kideen laguntzarekin. Hainbat gai mahaigaineratuko dituzte: belaunaldi aldaketa, generoa, asanbladetako botere harremanak eta rolak, ildo politikoak, drogak...
Hurrengo egunean, ostiralean, Jedi Galaktikoaren IX. eta azken edizioa egingo dute. Star Warsen pelikuletan girotutako ikus entzunezko piezak proiektatuko dituzte.
Urteurrenaren 9. eta azken jarduera larunbatean izango da, ekainaren 24an. Ohi legez, herri bazkaria egingo dute eta ostean Hip Hop emanaldia egongo da Gadugiren eskutik. Amaitzeko, Olinpiada Herrikoiak egingo dituzte etxean bertan.
Irudietan: Txikipunk eguna (Orbeko Etxea)