Aiaraldean jarri nahi dituzten parke eoliko berrien aurka borrokatzera deitu dute

Txabi Alvarado Bañares 2023ko eka. 10a, 23:33

Eusko Jaurlaritzak iragarritako Ferosca I eta II proiektuen aurka lerratu da Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataforma, “lege-iruzurrean” oinarritzen direla argudiatuta. 

Jesurira martxa egin du Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak gaur goizean. Bi zutabetan abiatu dira parte hartzaileak. Laudion 9:30ean abiatu dira Herriko plazatik. Orozkon, aldiz, ordu erdi beranduago hasi da ibilaldia, Zubiaur plazatik. 

Jesuriko tontorrean batu dira mendizale guztiak, eta bertan plazaratu dute azken asteetan jazotako albisteen gaineko irakurketa. Izan ere, maiatzaren 29an (udal eta foru hauteskundeen biharamunean) abiatu zituen Eusko Jaurlaritzak bi parke eoliko berri (Ferosca I eta Ferosca II) jartzeko prozedurak, eta hori “lege-iruzurtzat” jo zuen plataformak. 

Bi egitasmo horien gainean bildu duten informazioa jakinarazi dute gaur Jesuriko tontorrean: “Ustezko Ferosca I zentral eolikoa Laudioko eta Aiarako lurretan kokatuko litzateke, eta Pikubiarte, Pagolar, Mostatxa, Antsoleta eta Pagonabarra mendien gailurrak hartuko lituzke. 200 metroko altuerako 6 aerosorgailu jarri nahi dituzte, titulartasun publikoko mendien gainean, 27 MWko potentziarekin. Ferosca II zentral eolikoa, aldiz, Jesuri mendiaren ondoren egongo litzateke, (…) 200 metroko altuerako beste 6 aerosorgailu jarri nahi dituzte, potentzia berekoak eta onura publikoko mendien gainean”.

Plataformak berriz gogorarazi du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak abiatutako baimen prozedurek ez dutela “lurralde-euskarri juridikorik, ez dute Energia Berriztagarrien Arloko Planik, eta ez dituzte betetzen eragindako udalerrien hirigintza-plangintzaren zehaztapenak”.

Era berean, parke eolikoen aurkako mugimenduko kideek gogorarazi dute 2007an antzeko egoera bat gertatu zela, “Industria Sailak hirigintza- eta lurralde-legeria betetzen ez zuten baimen ugari” tramitatu zituenean. Plataformak azaldu duenez, Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion orduan emandako baimenak bertan behera uzteko, eta “Energiaren Lurralde Plan Sektorial bat formulatzeko”.

Plataformaren aburuz, "lege-iruzurra" baliatuta tramitatzen ari dira parke epoliko berrien proiektuak

Baina, mugimenduko kideek salatu dutenez, eskaera hori ez da bete, eta Eusko Jaurlaritza “plan berririk onartu gabe” ari da parke eoliko zein fotovoltaikoak instalatzeko baimenak tramitatzen. Jokatzeko modu hori ez dator bat “gobernantza eredu on batekin”, plataformaren aburuz. “Landa-inguruneko biztanleekin ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-gatazkak sortzen ari dira, eta, horretarako, plaka fotovoltaikoak instalatu nahi dituzte laborantza-lurretan, eta haize-sorgailuak mendi lerroetan, berriz, biztanle gutxiko udalerrietan”. Horri lotuta, nabarmendu dute badaudela “energia-trantzisioa lortzeko neurri jasangarriago edo osagarriago batzuk”, baina ez dituztela baloratu ere egin. “Ez da aldez aurreko adostasun sozialik bilatu; aitzitik, bide eman zaie ekimen pribatuko proiektu berriztagarri ugariri, benetako parte-hartze eta inplikazio sozialik gabe, eta zuzenean inplikatutako bizilagunei beharrezko gardentasunik eta informaziorik eman gabe”. 

Borrokara batzeko deia

Gauzak hala, proiektu horien guztien aurka borrokatzeko deia luzatu du plataformak, eta horretara batzeko deia luzatu diete herritar guztiei. Horri lotuta, iragarri dute datorren asteartean (ekainak 13) egingo dela plataformaren hurrengo bilera, 18:30ean Orozkoko Kultur Etxeko azken solairuan. 

Argazkiak: Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataforma

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide