Atzo iluntzean abiatu zuten Aiala Vidrioko langileek 32 orduko bigarren lanuztea. Maiatzaren 31an egin zuten lehenegoa, eta gaurkoak ere jarraipen zabala izan du, langile bakan batzuk baino ez baitira sartu lan egitera. Ekoizpena erabat etenda egon da egun osoan, Enpresa Batzordeko kideek adierazi dutenez.
Dozenaka lagun bildu dira 5:30etatik aurrera lantegiko sarrerako piketean. 10:00etan, aldiz, batzar jendetsua egin dute toki berean. Mobilizazioekin jarraitzea adostu dute bertan, baina ez dute zehaztu zein izango den hurrengo urratsa. Datorren astean bilduko da Enpresa Batzordea, eta orduan erabakiko dute zehazki zer egin.
Bi arrazoi nagusigatik mobilizatzen ari dira beharginak. Alde batetik, lantegiaren etorkizunean dute begirada. Izan ere, salatu dutenez, zuzendaritza ez da inbertsioak egiten ari eta, gainera, 2025rako 90 langile gutxiagorekin funtzionatzeko asmoa iragarri du, labe bat kenduta. Horren aurrean, inbertsio plan bat aurkeztea eskatu diote enpresari.
Bestetik, segurtasun eta osasun neurri gehiago eskatu dituzte beharginek. Horri lotuta, Enpresa Batzordeak eskaera zehatzak egin dizkio zuzendaritzari, eta honen erantzunaren zain daude.
Hemen ikusi daiteke lehe greba egunean grabatutako bideo-erreportajea: