EH Bilduri emango dio Laudioko alkatetza Omniak

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko eka. 15a, 12:01

Agerraldia egin du Omnia talde independenteak Laudioko udalbatza aretoan bere jarrera azaltzeko. / Aiaraldea.eus

Agerraldia egin du gaur eguerdian Omniak, Laudioko alkatetza zein udal talderi emango dion azaltzeko. EH Bilduren proiektua babestu dute, eta, horrenbestez, Ainize Gastaka egingo dute alkate alderdi independenteko zinegotziek. Atzo egin zuten korapiloa ebazteko batzarra eta 60 lagunek parte hartu zuten bertan.

Agerraldia eskaini dute Omniako kideek Laudioko udalbatza aretoan, atzoko batzarrean hartutako erabakiaren berri emateko. Talde independenteak hiru zinegotzi eskuratu zituen maiatzaren 28ko hauteskundeetan, eta udalerriko gobernantzarako giltza bihurtu zen. Izan ere, bai EH Bilduk eta bai EAJk ezinbestekoa zuten Omniaren babesa alkatetza eskuratzeko.

Omnia giltza

Hain zuzen ere, hori da Alvaro Barriosek azpimarratu duena, talde independentea izan dela Laudioko udaletxeko giltza. Emaitzak baloratuz ekin dio agerraldiari Barriosek. Omniaren zerrendaburuaren hitzetan, "EITB Focusen inkestak kutsatu ditu tokiko hauteskundeak eta polarizatu ditu, EAEko gatazka Laudiora ekarrita", baina nabarmendu du horren guztiaren gainetik hautagaitza munizipalista funtsezkoa izan dela.

"Ez da Omnia giltza den lehenengo aldia", azaldu du Barriosek. 2011n eta 2015ean ere funtsezkoak izan ziren, zinegotzi batekin eta lau zinegotzirekin, hurrenez hurren. Baina nabarmendu du bi urte horietan ez zela negoziaziorik egon: "udaletik kanpo hartutako erabakiek ebatzi zuten nork gobernatuko zuen". Hori dela eta, balioan jarri du hastear den legealdi honetan "Laudion erabaki dela nor izango da alkatea". 

Omniak bi sail eramango ditu, baina oraindik definitzeke dute udal gobernuaren osaketa.

"EH Bilduren proiektuak ilusio gehiago sortzen du"

"Ez dugu hautatu alderdia edo alkategaia, baizik eta proiektua", azaldu du Barriosek. Erabakia atzo egindako bileraren esku utzi zuen alderdi munizipalistak. Bertan 60 lagunek hartu zuten parte, eta aurkeztutako bi proiektuen artean Ainize Gastakak gidatutakoa hautatu zuten.

Sinbolikoki, zinegotziek sinatu dute proiektu horren aldeko agiria agerraldian bertan.

Negoziazioak seriotasunez hartu dituztela azaldu du Omniako zerrendaburuak, "aintzat hartuta zinegotzi kopurua bikoizten zutela beste taldeek". Horrenbestez, Xabi Gorostiagaren (EH Bildu) eta Ander Larrinagaren (EAJ) lana eta ahaleginak goraipatu ditu Barriosek. Azaldu du negoziazioetan talkak egon direla, baina "beharrezkoak zirela". "Bi alderdiek egin dituzte aldaketak proiektu ahalik eta onena lortzeko, bi proiektuak ziren positiboak, baina EH Bildurenak ilusio gehiago sortzen du", laburbildu du Barriosek.

Halaber, konfiantzan oinarritutako proiektua izango dela azaldu du, eta azken egunetan bermeak eman dizkiete elkarri bi alderdiek.

"Fede jauzitzat" jo du erabakia Barriosek, baina espero dute epe luzera aldatzea gobernatzeko eredua: "herriko inteligentzia kolektiboa baliatzea eta kudeaketa izango da Omniaren helburua".

Udal gobernuaren osaketa

Erabakia hartuta, udal gobernua nolakoa izango den definitzea dagokie orain Omnia eta EH Bilduri. Alvaro Barriosek aurreratu duenez, "oraindik ez dute gaian asko sakondu", baina talde munizipalistak bi udal sail eramango dituela zehaztu dute. 

Udal gobernu berriaren behin betiko proiektua, ordea, ez dute oraindik aurkeztuko. "15 egun ez dira nahikoa gobernatzeko akordioa lortzeko, baina zubiak eraiki ditugu eta bermeak elkarri eman", azpimarratu du Barriosek.

Hala ere, Barriosek aurreratu du Tokiko Gobernu Batzordean -erabakigarria den esparruan, udalbatzaren hainbat gairen eskumena baitauka- EH Bilduk bi ordezkari izango dituela, beste bi Omniak eta beste bi EAJk. Egoera ez da horren berria izango, 2015-2019 legealdian banaketa hori izan baitzen, baina Omnia oposizioan zegoen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide