Laudioko Kultura Etxean jarritako Expopins erakusketa ikusteko epea larunbatean agortuko da. Astelehenean inauguratu zuten eta gaur arte 17:00etatik 20:00ak arte egongo da ikusgai. Bihar, ordea, 10:30etatik 13:00ak arte mantenduko dute.
Egitasmoaren bultzatzaileak Justino Arto, Aitor Isasi eta Prudencio del Rio aiaraldearrak dira. Hirurak dira bildumazale amorratuak eta hainbat urte bideratu dituzte pinak biltzera. Milaka ale metatu dituzte eta Kultura Etxean dagoena horren lagina baino ez da.
Ikusgai daudenak kirola, toponimia edota naturari daude loturik eta, horrez gain, elkartasun deia zabaldu dute. Hain zuzen, AEFAT elkartearen aldeko itsulapikoa jarri dute, ikusleek ekarpena egin dezaten ataxia telangiectasia gaixotasunaren ikerketan laguntzeko.
Bildumazale talde honek asmoa dauka eskualdeko zein kanpoko herritan jartzeko erakusketa, baina irailetik aurrera izango da hori.