Argitara eman dituzte Aretako jaietako musika emanaldiak

Jone Gartzia Gerra 2023ko eka. 27a, 12:30

Las Sexpeares taldea iaz Laudioko jaietan eskainitako kontzertuan. / Aiaraldea.eus

Aretako Jai Batzordeak herriko jaietan joko duten musika taldeen zerrenda aurkeztu du. Jaiak uztailaren 21etik 27ra luzatuko dituzte.

Aretako Jai Batzordeak argitaratu du jaietako kontzertuen kartela. Rock, punk, pop eta folk doinuek girotuko dituzte bost gauak, uztailaren 21etik 25era. Kartelari hasiera emateaz rock klasikoa jotzen duten Xumel eta pop-rock bertsioak egiten dituzten Sapo y el sello taldeak arduratuko dira. Horien ostean, Altxa porru erromeriak itxiko du lehen gaua.

Hurrengo egunean, uztailaren 22an, Las Sexpeares hirukoteak punk eta rock doinuez beteko dituzte Aretako bazterrak. Horien ostean, Iratzar erromeria eta DJ Bad Sound Sister arduratuko dira gaua luzatzeaz.

Uztailaren 23an, igandea izanagatik ere, musikaz gozatzeko aukera egongo da 20:00etatik aurrera. Ordu horretan Inguma dantza plaza hasiko da eta 22:00etan Belgorrik hartuko dio lekukoa. Astelehenean, uztailaren 24an, lasaiagoa izango da egitaraua: 21:30ean Igor Arzuaga herriko bakarlariak folk musikaz jantziko ditu jaiak.

Uztailaren 25ean, goizez eta arratsaldez izango dira musika emanaldiak. Bi Hotsak abesbatzak 13:00ean hartuko du Aretako erdigunea eta, arratsaldean, 19:00etan, Gauargi erromeria arduratuko da eguna eta egitaraua ixteaz.

Jaien kamiseta eskuratzeko azken egunak

Urtero bezala, Aretako Jai Batzordeak aurtengo jaietako kamisetak egin ditu eta ekainean zehar aurresalmentan jarri ditu Aretako Kultur Etxean. Gaur, ekainak 27, eta ostiralean, ekainak 30, 18:30etik 20:30era eskuratu daitezke kamisetak 10 euroren truke. Kamisetak gorriak dira eta 'Areta beti' dioen irudia dute paparrean. Tirantedunak eta mauka laburrekoak daude eskuragarri.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide