Pili eta Fontsoren aitortza beharra aldarrikatu dute Laudion

Txabi Alvarado Bañares 2023ko uzt. 1a, 20:02

Elkarretaratzea egin dute bi laudioarren heriotzaren 33. urteurrena dela eta.

Elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Laudioko Herriko plazan, Pili Arsuaga eta Fontso Isasiren heriotzaren 33. urteurrena dela eta. Bi bizilagunak 1990ko uztailaren 1ean zendu ziren, Maribi Ramila euskal preso politikoa bisitatzera zihoazela izandako trafiko istripuan. Eurak izan ziren dipertsio politikaren ondorioz hildako lehen euskal herritarrak. Ordutik hona, euskal presoen beste 14 senide eta lagun zendu dira errepideetan. 

Dipertsioa “gerra estrategia” izan zela salatu dute elkarretaratzean, eta “mingarriak” izan direla bere ondorioak. Orain, “presoen euskal herritatzearekin”, senideen eta lagunen zama “leundu” dela aitortu dute, baina aldarrikatu dute ez dela “etsi” behar. “Kontuan hartu behar dugu Entzutegi Nazionaleko salbuespeneko interpretazio gabe eta egungo legeria betez, 100 pertsona preso gutxiago izango liratekeela”. Era berean, gogorarazi dute estrategia horren erantzuleen “izen-abizenak” dituztela, “eta oraindik tematuta dirautela gurekiko etika eskaerak egiten”. 

Ildo horretan, Martxelo Otamendik Andoni Uzaluren heriotza dela eta idatzitako zutabea aipatu dute. “Andoni, bere garaian, ETA p-m kidea ere bai izan zen, eta ez oinarrizkoa. Datu hori ahaztu zaie Unzaluren biografia idazterako orduan, beste batzuei ‘ETAko kide ohia’ etiketa hartzen dieten komunikabide gehienei, eta antzeko jarrera daukate alderdi politiko batzuek ETAko kide izan eta haien alderdian sartzen direnekin. Inoiz ez diete eskatu aurretik egindakoaren irakurketa kritikorik egitea eta adibide asko eta asko ditugu bai EAJn edo PSEn sartu direnekin”. 

Horren aurrean, Pili eta Fontsoren eta “hildako beste senide eta kide guztien errekonozimendua” eskatu dituzte elkarretaratzean, "inoiz" ahaztuko ez dituztela ziurtatuta. 

Argazkiak: Miguel Brizuela eta Txabi Alvarado

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide