Sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote ekainean epaitutako Tubacexeko langileari

Aitor Aspuru Saez 2023ko uzt. 2a, 12:00

Langilearen atxiloketaren irudia. / Aiaraldea.eus

Berez, epaiketan argi geratu zen ez zuela agintaritzaren aurkako atentaturik egin, baina sei hilabeteko espetxe zigorra eta isun ekonomikoa ezarri dizkiote atxiloketan erresistentzia erakusteagatik. Hala ere, ez da kartzelara sartu beharko, zigorrak ez baitu horretarako gutxienekoa betetzen.

Ekainaren 15ean epaitu zuten Gasteizen Tubacexeko langile bat, 2021eko otsailaren 23an enpresako Laudioko lantegiaren aurrean gertatutako istiluengatik. 21 hilabeteko espetxe zigor eskaerari egin zion aurre eta Maria Antonia Blanco Briosca epaileak 6 hilabete espetxe zigorra ezarri dio "erresistentzia" leporatuta. Hala ere, ez da kartzelara sartu beharko, zigorrak ez baitu horretarako gutxienekoa betetzen. 

Horrez gain, beharginak 536 euroko kalte-ordainak kitatu beharko dizkie hiru ertzaini (140, 144 eta 252 euro, hurrenez hurren), atxiloketan hatzamarretan eta belaunean mina hartu zutelako.

Epaileak ontzat hartu zituen agenteen adierazpenak, nahiz eta polizien arteko kontraesanak agerikoak izan (bik esan zuten objektu bat botatzeagatik eta ez identifikatzeagatik atxilotu zutela grebalaria. Beste batek, aldiz, deklaratu zuen ertzain bati eraso egiteagatik atxiki zutela).

Ondorioz, atxiloketan erresistentzia erakutsi zuela jo du frogatutzat epaileak, eta zigor txikiena jartzea erabaki du: sei hilabete.

Horrez gain, kalte-ordainei ere egin beharko die aurre beharginak, atxiloketan "besoak mugitzean eta ostikoak ematean" ertzainei lesioak eragiteagatik. Edonola ere, grebalariak helegitea jarriko dio epaiari.

Langilearen bertsioa

Ertzaintzako agenteen bertsioen arabera (elkarren artean ezberdinak), beharginak objektu bat bota zion lantegitik ateratzen zen zuzendaritzaren autobusari. Hori dela eta, poliziak bera identifikatzen saiatu ziren eta langileak ihes egitean bere gainera bota ziren. Beste agente batek erantsi zuen objektua bota ez ezik, polizia bati eraso ere egin ziola grebalariak.

Bere adierazpenean, beharginak aitortu zuen hutsik zegoen tabako paketea jaurti ziola autobusari, baina ukatu zuen ertzain bati eraso izana edota identifikatzeko agindua jasotzea. Horregatik, hain zuzen, poliziak bere gainean botatzean erresistitu zen, ez zuelako ulertzen zer gertatzen ari zen eta mina egiten ziotelako. Hain zuzen, langileak adierazi zion Aiaraldea Komunikabideari atxiloketaren ondorioz lesioa duela eta geroztik ezin duela pisua jaso eskuineko besoarekin.

Ertzainek, ordea, deklaratu zuten arreta berezia jarri ziotela atxiloketan minik ez eragiteari. Langileak esan dio Aiaraldea Komunikabideari, ironiaz, epaiketan atxiloketako hiru ertzainek hitz egiten bazuten ere, batek ere ez zuela onartu eskuburdinak jarri izana.

Delitu bakarra, atxiloketaren ondorioa

Hala eta guztiz ere, gogoratu beharra dago langileari agintaritzaren aurkako atentatua ere leporatzen ziola Ertzaintzak, eta, berez, hori zen, izatez, atxiloketaren sorburua.

Dena den, epaileak ez du sumatu horrelako deliturik gertakarietan. Gauzak hala, beharginak jaso duen zigorra poliziaren esku-hartzearen aurrean erakutsitako "erresitentziagatik" izan da.

2021eko otsailaren 23

Egun hori bereziki gatazkatsua izan zen Tubacexeko greba luzean, lehenengo aldiz istiluak egon baitziren grebalarien eta poliziaren artean. Poliziaren bortizkeria hainbat hedabidetan agertu zen eta Espainiako Estatu osoan izan zuten lehenengo aldiz mobilizazioaren berri. Hiru atxiloturekin amaitu zen borroka egun hori:

Bigarren epaiketa

Ekaineko epaiketarekin, jadanik bi dira Tubacexeko grebari lotuta egin dira auziak eta atera diren sententziak. Lehenengoa Aintzane Mendiarena izan zen. Kasu horretan auziperatutako langilea absolbitu zuen epaileak.

Guztira, 20 urteko espetxe zigor eskaerak

Eskaera fiskal guztiak aintzat hartuta, 20 urte baino gehiagoko kartzela zigor eskaerak egin dituzte Tubacexeko grebari lotutako auzietan. Bost pertsona daude oraindik epaiketaren zain: Tubacexeko bi langile eta eskualdeko hiru gazte. Azken hiru horiek irailean izango dute zita Gasteizko epaitegietan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide