Duela astebete iragarri zen zuk irabazi zenuela jaietako kartela lehiaketa. Nola jaso zenuen albistea?
Astelehen goizean deitu zidaten, 12:00ak aldera. Udaletik deitzen zidatela esan zidaten eta ni nintzela irabaztea. Kristoren sorpresa hartu nuen, ez nuelako espero. Banekien aukerak nituela irabazteko, baina, beste kartelak ikusita, sumatu nuen sekulako maila zegoela. Irabazten duzun arte ez dakizu ziur.
Lehiaketa honetara aurkeztu zaren lehengo aldia izan da?
Bai, lehenengo aldia zen. Egia da nire senide eta lagunek bati esan didatela aurkezteko baina, ez nintzen animatzen probatzera. Aurten amak esan zidan parte hartzeko, lehiaketa atera zen egunean, eta hurrengo egunean hasi nintzen lehenengo zirriborroak egiten.
Eskuz egin zenituen lehenengo zirriborro horiek, baina gero ordenagailuan jarraitu zenuen. Nolakoa izan da sorkuntza prozesua eta nola erabaki duzu kartelaren estiloa?
Ez nuen ideia argirik hasieran. Erroketxu marrazten hasi nintzen, San Rokeren txakurra. Nire hasierako ideia zen Erroketxu odoloste baten barruan sartzea, odoloste-txakur bat… oso ideia arraroa, oso gauza zoroa baina, oso polita zen. Baina, gero ideia hori albo batera utzi nuen eta pentsatu nuen, pertsonaiak marrazteko abilezia dudanez, pertsonaia asko sartzea, jaien grina hori islatzen saiatzea. Marrazkiak egiten hasi nintzen eta hainbat pertsonaia irudikatu nituen. Pertsonaia batzuk ez zitzaizkidan gustatu eta baztertu egin nituen, ‘proba-akats’ prozesua izan da.
“Nire hasierako ideia zen Erroketxu odoloste baten barruan sartzea, odoloste-txakur bat… oso ideia arraroa, oso gauza zoroa baina, oso polita zen”
Gero pentsatu nuen are hobea izango zela adin eta jatorri ezberdinetako pertsonak jartzea, Laudion dagoen aniztasuna islatzeko. Azken finean, aniztasun handia daukagu Laudion, eta nire intentzioa zen ahalik eta pertsona gehienek beren buruak kartelean identifikatu ahal izatea.
Prozesuari dagokionez, paperean marrazten hasi nintzen, ordenagailura pasatzeko gero. Txikitatik izan dut gustuko marraztea. Txikia nintzenean oso gogoko nituen marrazki bizidunak, eta gustuko nuen telebistan ikusten nuen hori paperean nire eskutik islatzea, istorioak sortuz. Txikitan jasotako erreferentzia horiek lantzen jarraitu nuen denborarekin, eta orain nire estiloa nahiko ‘marrazki bizidun’ modukoa da.
Kartelean erabili duzun marrazteko modua da, beraz, zure ohiko estiloa?
Bai, mota honetako marrazkiak egitean estilo hau jarraitzen dut. Nire Instagramean, aldiz, beste ilustrazio mota bat plazaratzen dut, lotuagoa diseinu grafikoarekin. Baina, mota honetako kartelak egiteko gogoko dut marrazki bizidunen estiloa jarraitzea.
Txikitatik marrazten duzula esan duzu. Zer nolako bilakaera izan du zure marrazteko moduak urte hauetan guztietan?
Txikitan arratsalde osoak pasatzen nituen marrazten, etxeko saloian edo izkina batean. Ikastolan ere nire klasekideak harritzen ziren nire trebeziarekin, eta marrazkiren bat edo beste eskatzen zidaten. Haur eta Lehen Hezkuntzan nabarmentzen zen nire trebezia beste ikasleen artean, eta irakasleek ere nire amari esaten zioten bere semeak sekulako talentua zuela marrazteko.
Gero, nerabea nintzenean, blog bat egin nuen eta bertara igotzen nituen nire marrazkiak. Nerabea izanda, mezu politikoak zituzten marrazkiak egiten nituen. Zinemarekiko zaletasuna ere garatzen hasi nintzen, eta 15-16 urterekin mundu horretan sartu nintzen. Pelikula asko ikusten nituen, eta 18 urte bete nituenean erabaki nuen Ikus Entzunezko Komunikazioa ikastea Mondragon Unibertsitatean.
Nik gogoko nituen nire marrazkiak, baina ez nuen buruan horretara modu profesionalean dedikatzea. Irudiaren mundua asko gustatzen zait, eta zinema edo ikus-entzunezkoetan ikusten nuen bide on eta interesgarri bat nire mezua zabaltzeko.
“Txikia nintzenean oso gogoko nituen marrazki bizidunak, eta gustuko nuen telebistan ikusten nuen hori paperean nire eskutik islatzea, istorioak sortuz”
Sari hau jasota, baduzu ilustrazioaren munduan sakontzeko asmorik?
Nire ibilbide profesionalari dagokionez, Fagorren egin nituen praktikak. Komunikazioko departamentuan egon nintzen bideoak egiten. Horregatik, marrazketa modu profesionalean ez dut asko jorratu. Baliatu dut, baina beste estilo batean, diseinu grafikora lotuagoa dagoena. Une honetan diseinu grafiko animatua lantzen nago, mugimenduzko diseinu grafikoari buruzko master bat egiten ari naiz Internet bidez. El Salvadorren ere egon nintzen, Euskal Global Training bekarekin. Sei hilabeteko beka zen, baina beste lau hilabetez geratu nintzen bertan, eta hor ere aukera izan nuen nire gaitasun profesionalak lantzeko.
Laudioko jaietara itzulita, zerk egiten ditu berezi sanrokeak zure ustez?
Laudioko jaiak oso bereziak dira. Zer esan dezaket laudioarra izanda? Oso politak dira, oso giro ona bizi da: txupinazoa, kuadrilla eguna, odoloste eguna… oso egun ederrak dira eta jendea oso pozik dago, eta hori oso polita da niretzat.