Glavista enpresaren egoera bideratuko lukeen erosketa prozesua bertan behera gera daitekeela ohartarazi dute

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko uzt. 4a, 19:01

Mobilizazio ugari egin dituzte Glavistako langileek euren lanpostuen defentsan. / Aiaraldea.eus

Gaur hasi behar ziren lanean Glavistako langileak, baina Guardian eta Javier Garcia Marquezen arteko desadostasunek prozesua korapailatu egin dute. Langileek Laudioko fabrikaren etorkizuna behingoz negoziatzeko eta ebazteko eskatu diete alderdi guztiei.

Ezer ezean geratzeko arriskuan dago Glavista lantegiaren etorkizuna bermatuko lukeen salerosketa prozesua. Duela aste batzuk baikortasuna zen nagusi; gaur gaurkoz, ordea, ziurgabetasuna.

Ekaina hasieran bideratzear zegoen urtarriletik hartzekodunen aurrelehiaketan zegoen Glavista enpresaren egoera Javier Garcia Marquez inbertsore getxoztarrak Laudioko lantegia erosteko asmoa publiko egin ostean.

Oztopo bakarra Iberdorlaren energia-hornidurarekin zeuden arazoak ziren, Glavistak pilatutako zorraren ondorioz etenda baitzeuden hauek. Behin hori konponduta lanean hastea besterik ez zen falta.

Hain zuzen ere gaur zuten beharginek enpresa martxan jartzeko lehenengo eguna, baina ez da horrela izan. Guardian Europaren eta Garcia Marquezen arteko desadostasunek, salerosketa prozesua eten egin dute. Zehazki fabrikaren lurren salmentak sortu ditu desadostasunak.

"Batzuen eta besteen jarrera urrunek eta prozesu honen eragile desberdinen bertsio kontrajarriek; prozesu luze, agoniko eta tamalgarri honen amaiera aurreikustea eragiten dute, betikoen interesn kontra, Glavistako langileentzat", salatu du Enpresa Batzordeak zabaldutako oharrean.

Gauzak horrela, langileek Laudioko fabrikaren etorkizuna behingoz negoziatzeko eta ebazteko eskatu diete alderdi guztiei: "Helburua zalantzarik gabe aktibitatea martxan jartzea eta enpleguari eustea izan behar da".

Erro sakoneko lan-gatazka

Glavista enpresa 2023ko urtarrilean sartu zen hartzekodunen aurrelehiaketan, eta hilabete gehiago zeramatzan Parter Capital inbertsio taldearekin arazotan, baina gatazkaren erroa askoz lehenagokoa dela adierazi dute beharginek behin baino gehiagotan.

Hain zuzen ere, 2012ko greba mugagabean kokatu dute askok egungo egoeraren ernamuina. Garai hartan, Glavista enpresaren ‘Autoglas’ fabrika Guardian taldearen esku zegoen, eta, ondorioz, ez zen Laudioko Guardian fabrikako ekoizpen lerro bat baino gehiago.

Enpresa Batzordeko kideen hitzetan, Guardianek aspalditik zuen autoentzako haizetakoak ekoizteari uzteko asmoa, “arkitekturara bideratutako beiran” jartzeko indarra. Hori dela eta, 139 langile kaleratzeko erabakia hartu zuen talde estatubatuarrak 2012an. 2020an Parter Capital inbertsio funtsari saldutako ekoizpen lerroko langileak gehienak.

60 egunez luzatu zen greba mugagabe bati esker kaleratzeak bertan behera uztea lortu zuten langileek, baina mamua ez zen desagertu. 2013. eta 2015. urteen artean Guardianek autoen sektorera bideratutako nazioarteko lantegi guztiak saldu zituen, Laudiokoa salbu.

2020ko erosketa

Azkenean iritsi zen Laudioko lantegia saltzeko unea. Guardianek Parter Capital inbertsio funts suitzarrari saldu zion  ‘Autoglas’. Salerosketa egun batetik bestera egin zutela gogoratu zion Aiaraldea Komunikabideari Enpresa Batzordeko kidea den Aitor Merinok. Parter Capital “erosle ideala” zela azaldu zien Guardianek langileei, baina errealitatea oso bestelakoa izan da.

Hain zuzen ere, Parter Capital da Alcoa auziaren atzean dagoen inbertsio funtsa. Suitzarrek 2019an erosi zituzten A Coruñako eta Avileseko aluminio lantegiak ‘Alu Iberica’ izenarekin; hauek bi urtetan ez saltzeko eta lanpostu guztiak mantentzeko konpromisoa hartuta.

Parter Capitalek, ez zuen dirurik jarri, Laudioko fabrikan eta 2021eko urte amaieran hasi ziren gauzak okertzen, lehengaien prezioak gora egin ahala

2020an, ordea, Alu Ibericaren %75a saldu zuen Parter Capitalek, Alu Ibericako kutxetatik atera eta Suitzako banku korronteetara desbideratutako diruarekin, hain zuzen ere.

Alcoa kasuak eztanda egin baino 10 egun lehenago itxi zuten gaur egungo Glavista enpresaren salerosketa Guardianek eta Parter Capitalek.

Alu Iberica enpresarekin gertatu ez bezala, egoerak bestelakoa zirudien Glavista enpresa osatzen zuten Laudioko fabrika nagusian, Valentziako lantegian eta Alemaniako biltegian.

Lan-karga eta eskariak ugariak ziren 2021eko urte hasieran, eta inbertsio garrantzitsuak egin zituen Laudioko zuzendaritzak. Ohiko 240 langileei behin behineko 60 behargin batu zitzaizkien.

Parter Capitalek, ordea, ez zuen dirurik jarri, eta 2021eko urte amaieran hasi ziren gauzak okertzen, lehengaien prezioak gora egin ahala.  “Ez dute negozioa aurrera eramateko inolako baliabiderik. Egiten dutena honakoa da: negozioa ondo badoa, berdin mantendu, eta gaizki badoa, hiltzen utzi. Xede bakarra dute: enpresa deskapitalizatzea eta poltsikoak ahalik eta gehien betetzea, eta gero beste kontu batera. Jende honek ez du inolako enpatiarik ez langileekin ez ezerekin”, azaldu zion Aitor Merinok Aiaraldea Komunikabideari.

Mobilizazio zikloa

Ia 18 milioi euroko zorra pilatuta eta Parter Capitaleko inbertsoreek ardurari ihes eginda, 2023ko urtarrilean sartu zen hartzekodunen aurrelehiaketan Glavista enpresa. Aurretik, hilabete luzeak eman zituzten beharginek zailtasun eta enplegua erregulatzeko espedienteekin.

Egoera bideratzeko asmoz, mobilizazio zikloa abiatu zuten orduan langileek. Sei hilabete hauetan manifestazioak egin dituzte Laudion, elkarretaratzeak fabrikako sarreran eta toki desberdinetara eraman dituzte enpresaren bdieragarritasuna bermatzeko aldarrikapenak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide