Urtarriletik hartzekodunen aurrelehiaketan egon ostean, Glavistaren egoera bideratzear dagoela dirudi. Zenbait komunikabidek gaur jakinarazi dute Javier Garcia Marquezek erosiko duela Laudioko lantegia, "nazioarteko zein tokiko" inbertsore talde handi bat bilduta. Enpresa Batzordeak jakin izan duenez, gaur onartu du erosketa hartzekodunen aurrelehiaketa kudeatzen duen epaitegiak, eta erakunde publikoek (Laudioko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza) ere begi onez ikusi dute. Gauzak hala, jabego aldaketa datozen asteetan emango dela aurreikusi daiteke.
Javier Garcia Marquez ez da pertsona ezezagun bat Aiaraldean. Zuzenbide ikasketak ditu, Getxokoa da berez, eta Guardian lantegiko zuzendaritzako kidea izan zen hainbat urtez. Horrez gain, Heliotrope enpresa amerikarrarekin ere aritu zen duela bi urte, EAEn "adimendun beira" fabrika bat atontzeko asmotan.
Amine izeneko enpresa sortu du Javier Garcia Marquezek Glavistaren Laudioko eta Valentziako fabrikak bere gain hartzeko
Kontuan hartu behar da Glavista, berez, Guardianen parte izan zela 2020ra arte. Urte horretan saldu zioten lantegia Parther Capital inbertsio-funts suitzarrari, eta handik gutxira iritsi ziren arazoak. Langileen arabera, jabe berria "funts-putre" bat izan da, eta enpresa deskapitalizatzea izan du helburu, 17 milioi euroko zorra pilatuta.
Garcia Marquezek, bere aldetik, Amine OPCO izeneko enpresa berria sortu zuen otsailaren 22an, eta bideragarritasun-plana aurkeztu du Glavistaren egoera bideratzeko. Plan horren bidez, Laudioko fabrikako 240 lanpostuak eta Valentzian duen filialeko 60ak mantenduko lirateke. ELAko sail sindikalak azaldu duenez, langile guztiak subrogatuko ditu enpresa berriak, "egungo lan hitzarmena errespetatuta". Ordezkari sindikalek espero dute jabe berriak "datozen egunetan" hartzea Glavistaren kontrola, "apurka-apurka normaltasunera itzultzeko".
Modu horretan, amaitutzat emango litzateke Glavistako langileek azken hilabeteetan bizi izan duten egoera. Arestian aipatu bezala, enpresa urtarrilean sartu zen hartzekodunen aurrelehiaketan. Langileek mobilizazio zikloa abiatu zuten orduan. Elkarretaratzeak egin zituzten lantegiaren aurrean, eta baita hainbat mobilizazio jendetsu ere: