Criatura post-hardcore taldeak kontzertu sorta eskainiko du bere ibilbideari amaiera emateko eta lehenengo data Laudion izango da. Hain zuzen, Orbeko Etxean jo behar zuten larunbatean Psilocibe eta 1991 taldeekin, 21:00etatik aurrera, baina azkenean, taldekide baten senide baten osasun arazoen ondorioz, hitzordua atzeratzea erabaki dute.
Europan barrena eta Espainiako Estatuan hainbat emanaldi egin dituen bandak ez du ia kontzerturik eskaini azken lau urteetan eta lagunen artean bukatu nahi du bere historia. Bidean geratu dira lau LP eta hainbat EP eta bilduma.
Edonola ere, bere kideek lehentasun osoa ematen diete 1999tik izandako harreman beroei eta horregatik hautatu dute Orbeko Etxea. Jorge, taldeko gitarjoleak, ziurtatu du taldeak izandako bi hamarkadetan Laudion izan dutela afinitate handiena jendearekin.
"20 urteko ibilbidean afinitate gehien izan dugun jendearekin Laudiokoa da"
Alvaro baxujoleak gogoratu du hasieratik jo dutela Laudion: "Lehen aldia 2002an izan zen, Loquero talde argentinarrarekin bira egin genuenean. Horren ostean Aretako Jaietan, Laudioko Jaietan, Laudioko Gaztetxeko Politburó Festean, Orbeko Etxeko urteurrenean... jo dugu".
Pepa abeslariak azpimarratu du garrantzia eman nahi dietela Laudion egindako adiskide guztiei: "Laudioko jendea etorri da Zaragozako jaietara gure etxeetara, denbora partekatzeko, eta alderantziz, gu Laudiora etorri gara. Mila esker guztiagatik. Babes logistikoa eman ez ezik, jende guztia eta oroitzapen on guztiak gure memorian daude."
Pelopo, beste abeslariak, erantsi du agurra ez dela tristea izango, baizik eta ospakizuna: "Itxiera duina egin nahi dugu. Elkarrekin egon nahi dugu agurrean. Ospakizuna da".
Lotura anitzak Laudiorekin
Laudioarren eta zaragozarren arteko harremana aspaldikoa da eta kasu batzuetan 1980ko hamarkadan ditu erroak. Hain zuzen, Alvaro baxujoleak hala oroitu du: "Nire lehen manifestazioan 1989an Zaragozan autobus bat ikusi genuen punkiz gainezka eta Laudioko jendea zen. Laudioko Skuateko jendea zen eta Zaragozako taldeekin harremana zuten". Horrez gain, Criatura-k Politburo talde laudioarrarekin EP partekatua argitaratu zuen Politburo talde laudioarrarekin .
"Nire lehen manifestazioan Zaragozan 1989an punkiz beteriko autobusa agertu zen eta Laudiokoak ziren" oroitu du taldeko kide batek
Lotura hori beste talde batzuekin ere gertatu da, Alvarok berak gogoratu duenez: "Gure argitalpenetan Laudioko zigiluak egon dira. Agian ez horrenbeste Criatura-rekin, baina Vision Tunel talde paraleloarekin bai, Pozoin Banaketak zigiluarekin. Politburo Recording Fiasco-k ere diskoa argitaratu zigun, eta alderantziz. Horrez gain, Blinded-en diskoa argitaratzeko zigilua sortu genuen".
Agurra
Momentuz, Criatura-k hiru kontzertu egingo ditu bere ibilbidea ixteko, baina ez dakite zehazki gehiago gehituko dituzten, Jorgek azaldu duenez: "Umeak zein nagusiak zaindu behar ditugu eta horrela oso zaila da entseguak eta zuzenekoak egitea. Momentuz, Laudion, Zaragozan eta Trintxerpen daude hitzorduak. Agian egongo dira gehiago, edo agian ez, sei lagun baikara. Lau urte daramatzagu jo gabe. Pandemiarekin kontzertu sorta genuen eta ez genituen egin. Leku hauetan egin nahi dugu agurra".
2015ean jo zuen Criaturak Orbeko Etxean, bere azken diskoa aurkezteko: