Laudio Minbiziaren Kontra ekimenaren helburua da musika estilo horretan eta punk komunitatean dauden lagunak eta musika taldeak baliatzea Hardcore Hits Cancer egitasmoari emateko bitartekoak. Aldi berean, HHC-ek AFANOC elkartera dirua bideratzen du, gaixo dauden umeak eta familiak laguntzen baitituzte.
Urrikoa hirugarren edizioa izango da. Iaz ekimena Laudion gorpuztu zen eta 1.800 euro batzea lortu zuten. Hori dela eta, antolatzaileek erabaki dute hirugarren edizioa egitea eta irailaren 16an izango da, Sorgin Tabernan.
Ordutegia oraindik ez dute argi, talde ugari egongo baitira. Halaber, sarreraren prezioa ez dute zehaztu, eskaintza bereziren bat prestatzea baloratzen ari baitira.
Ziurra da kontzertuan parte hartuko duten taldeen zerrenda: Ultimatum Iruñeako 1980ko hamarkadako banda da agian ezagunena, baina bestelako ezusteak ere egongo dira.
Esaterako, Malestar Ezkerraldeko taldea itzuliko da oholtzara, 20 urtez jo gabe egon ostean. Bere kideetako bat denboraldi hori guztia egon da kartzelan Euskal Preso Politikoen Kolektiboan eta, hori dela medio, pare bat emanaldi egingo dituzte.
Horietara batuko dira 3 From Hell, Negra Calavera, AGUR, Sanngre eta Memento Mori. Antolakuntzak eskertu die iazko babesleei konpromisoari eustea eta soinu teknikariari ere bere lana doan egitea.