UGARTEKO JAIAK

“Egun bat gehiago izango dute Ugarteko Jaiek aurten”

Erredakzioa 2023ko uzt. 25a, 07:00

Ander Cormenzana eta Isel Ortega, Ugarteko Jai Batzordeko kideak. / Aiaraldea.eus

Ugarteko Jai Batzordeko kideak dira ISEL ORTEGA MARTIN eta ANDER CORMENZANA ARANZABAL. Aurtengo egitarauaren nondik norakoak azaldu dituzte.

Hilabete bat falta da Ugarteko jaiak hasteko, baina egitaraua plazaratu duzue dagoeneko.

Ander Cormenzana: Iaz hiru eguneko jaiak izan genituen, eta aurtengoak laukoak izango dira. Saiatu gara egun bakoitzean ekintza nahiko sartzen eta egitarau polit bat osatzen.

Zer berrikuntza sartu dituzue?

Ander Cormenzana: Buelta pare bat eman diegu aurreko urteetako ekintzei, berrikuntza batzuk sartu nahi izan ditugulako. Adibidez, azken momentuan itxi dugu zunba saioa Izaskun Del Cerrorekin. Uste dut 2018an egin genuela saio bat, eta aurten errepikatu nahi izan dugu. Beste berrikuntza astelehenean izango da, jaien azken egunean. Ibilaldi gidatu bat egingo dugu Ugarten barrena, auzoko gune kultural eta historiko garrantzitsuenen inguruan hitz egiteko.

Isel Ortega: Egitarauak iazko egitura berdina jarraitzen du. Ostiralean torneoak mantenduko dira. Umeentzako ipuin kontalariak ere egongo dira eta 19:30ean piztuko da jaiei hasiera emateko suziria. Talo eta txistorra tailerrak egingo dira, eta zunba eta gero kontzertuak egongo dira, Lukiek, Akerbeltz eta DJen eskutik.

Larunbatean ere egitarau oparoa egongo da, ez?

Ander Cormenzana: Bai. Iaz bezala, goizean goiz hasiko gara baserritar eta artisau azokarekin. 11:00etatik 14:30ak arte umeentzako ekintzak burutuko dira Basoa espazioan. Jendeak agian ez du horrenbeste ezagutzen gune hori, eta ikusi dugu Ugarteko jaiak badirela une interesgarria horretarako.Arratsalde osoan zehar, urteetan zehar mantendu diren futbito txapelketako finalak jokatuko dira. Ondoren, sardina jana egingo da 21:00ak aldera, Auzolan taldearen eskutik. 23:30etik aurrera hiru kontzertu egongo dira: Dupla, Bidean erromeria eta DJ Masa.

Eta igandean?

Isel Ortega: Esan bezala, igandea ez da azken eguna izango, aurten lau egunez luzatuko direlako Ugarteko jaiak. Goizeko bederatzietan hasiko da eguna, Herriko plazatik abiatuko den kalejirarekin. Umeentzako ekintzak egongo dira jarraian. El Pozo tabernak 'pulpeiroa' eskainiko du, hilabeteko azken igande guztietan bezala. Horren ostean, poteoa egongo da, eta arratsaldean bizkotxo txapelketa, txosnagunean. Igandea ez denez izango azken eguna, odoslote jana eta dantza-saioa ere sartzea erabaki dugu.

Astelehenean amaituko dituzue jaiak. Nola?

Ander Cormenzana: Umearen Eguna izango da astelehena. Dena dela, ibilaldi gidatua izango da goizeko lehen ekintza, eta arratsaldean hartuko dute protagonismoa haurrek, eurentzako espazioa atonduko baita Basoan, hainbat jarduerarekin: Kalaka egurrezko jolasak, eskalada edota ur-jolasak…

Jaiei amaiera emateko, 19:30ean lokotx bilketa eta txinga txapelketak egingo ditugu eta jaien amaiera traka botako dugu gero, 22:00ak aldera.

Kanpotik ikusita, aurtengo egitaraua aurreko urteetakoak baino oparoagoa dela dirudi, kontzertuei begira batez ere.

Isel Ortega: Uste dut saiatu garela adin guztientzako ekintzak prestatzen. Aurtengo egitaraua birpasatu dugu eta horren arabera egin ditugu aldaketak, funtzionatu ez zuten hainbat gauza kenduz eta funtzionatu dezaketela uste dugun hainbat jarduera jarriz. Hori da erabili dugun eredua jaiak antolatzerako orduan.

Ander Cormenzana: 2018an jaiak antolatzen hasi ginenetik eman nahi izan diogu euskal musikari garrantzia gehiago.  Horregatik sartu ditugu bi erromeria eta aipatutako euskarazko bi taldeak.

Esan duzuen bezala, egungo Jai Batzordea 2018an jarri zen martxan. Zer nolako bilakaera izan duela esango zenukete?

Ander Cormenzana:: 2018ko lehenbiziko jai horien prestakuntza oso kaotikoa izan zen, dena egin genuen azken momentuan. Azken urte hauetan ere azken unean metatu da lan garrantzitsuena, baina gauzak erraztu dizkigu aurreko urteetako esperientziak. Udalarekin tramiteak burutzean lortutako ezagutzek edo beste elkarteekin eginiko kontaktuek asko arindu digute jaien prestaketa prozesua. Gainera, jende gaztea batu da batzordera, eta haize fresko horrek ahalbidetu digu ekimen berriak abian jartzea.

Belaunaldi aldaketa bermatuta dago, beraz?

Isel Ortega: Bai. Gaur egungo Jai Batzordea gaztez osatuta dago eta uste dut hori ikusten dela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide