Mobilizatzeari ekin diote berriz Autoglas-Glavistako langileek, fabrikaren itxiera ekiditeko

Txabi Alvarado Bañares 2023ko uzt. 10a, 22:54

Prozesuan “argi-ilun asko” egon direla uste dute beharginek, eta nabarmendu dute Guardian enpresa dela bizi duten egoeraren “lehen eta azken” erruduna. 

Elkarretaratze jendetsua egin dute gaur Autoglas-Glavistako langileek Laudioko fabrikako sarreraren aurrean. Bertan eman dute enpresaren egoeraren berri. “Zortzi hilabete baino gehiagoko itxaronaldiaren eta sufrimenduaren ondoren, gure egoera konponduko zela uste genuenean, Autoglas-Glavistako langileok muturreko egoeran eta desagertzeko zorian gaude”, ohartarazi dute Enpresa Batzordeko kideek. 

Azaldu dutenez, duela bi aste bazirudien prozesuak “amaiera on bat” izango zuela. “Aurtengo oporrak eskatzera ere joan ginen enpresara. Baina, gauetik goizera, Guardian berriro ere eszenan agertu da prozesu osoa zapuzteko”.

Zehaztu dutenez, Guardianek “azken orduko bira” eman du enpresaren bideragarritasunerako beharrezkoak diren lursailak saltzeari uko eginez, “Glavista erosi nahi duen inbertsorearen arabera”. Langileek sumatzen dute ez dutela informazio guztia, eta “argi-ilun” asko daudela gertatutakoan, baina gauza bat dute argi: Guardian dela bizi duten egoeraren “lehen eta azken” erruduna, multinazional horrek “Parter Capital funts-putreari” saldu ziolako Autoglas-Glavista 2018an. 

“Azken biraketa berri honek erakusten du Guardianen interes argia, parabrisa dibisioa guztiz desintegratzea besterik ez dela, eta bere fabrikan hainbat hamarkada lanean egon diren 240 familiaz desegitea”

“Azken biraketa berri honek erakusten du Guardianen interes argia parabrisa dibisioa guztiz desintegratzea besterik ez dela, eta bere fabrikan hainbat hamarkada lanean egon diren 240 familiaz desegitea”, ondorioztau dute Enpresa Batzordeko kideek, eta salatu dute langileak direla beti pairatzen dituztenak “milaka kilometrora dauden administrazio-postuetan hartzen diren erabakien ondorioak”. 

Hori dela eta, “egungo egoerari irtenbidea bilatzea” exijitu diete “inplikatutako alderdiei, Eusko Jaurlaritzari eta erakundeei”; eta horri lotuta jakinarazi dute, “egoera honek horrela jarraitzen badu”, behar diren “mobilizazio guztiak” abiatu eta “ate guztiak joko” dituztela, “Laudioko fabrikako lanpostu guztiak salbatzeko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide