Aukerak giltzapean dokumental laburra sareratu du Erraki babes sarea eragileak. “Okupazioaren aurkako ofentsiba” du hizpide ordu erdiko ikus-entzunezkoak, eta hainbat elkarrizketa biltzen ditu.
Modu horretan, okupazioaren aurkako legeak, desokupazio enpresen nondik norakoak, komunikabideen papera eta beste hainbat gai jorratzen dituzte. Bideoaren azken zatian, Euskal Herriko hiru “langileen kontrolpeko espazioen” kasuak azaltzen dira, eta horietako bat da Laudioko Gaztetxearena.
Unai Vicentek hartzen du hitza bertan, pandemiaren garaitik iazko uda hasierara arte iraun zuen gertakari segida azaltzeko. “Gure kasuan, Gaztetxe bat husteko inpunitatea noraino iristen den ikusi dugu, 20 urte baino gehiago dituen espazio bat desalojatu digute instituzioetan agertzen diren alderdi politikoek, haien botere posizioa baliatuta”, azaltzen du Gaztetxeko kideak bideoan.
Bere hitzetan, “COVID testuingurua eta Kultur Etxeko obrak baliatuta” hustu zuten Gaztetxea lehenbiziko aldiz. "Horren ostean gu bertara sartu ginen berriz. Hilabete batzuk iraun genituen bertan. Baina udaletxeak bere asmoarekin jarraitu zuen, gu kanporatzea, alegia. Protesta baten bitartez salatu genuen prozesu hura, baina ezin izan genuen desalojoa geldiarazi”.
Laudion gertatutakoa irakurketa zabalago baten barruan kokatzen du Vicentek: "Azken urteetan, okupazioa kolpatzeaz gain, langileen kontrolpeko guneen defentsa eta elkartasun erakustaldien gainbehera ere bizi izan dugu”. Horregatik, Laudioko gazteak uste du horrek argi utzi duela “langileen kontrolpeko espazioen arteko defentsarako tresna bat” behar dela, “tresna horren parte direnek osatutakoa, eta konpromezu zein betebeharrak ondo definituak dituena, modu diziplinatu batean funtzionatu ahal izateko”.
Bideoaren proiekzioak antolatu dituzte azken hilabeteetan Euskal Herriko zein Espainiako estatuko hainbat tokitan, eta atzo sareratu zuten YouTube plataforman. Bertan ikusi daiteke osorik.