Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Esango nuke euskal identitatea krisian dagoela, zentzu onean”

Txabi Alvarado Bañares 2023ko uzt. 11a, 07:00

Amaia Yaniz Basterretxea, Aretako parkean. / Aiaraldea.eus

AMAIA YANIZ BASTERRETXEA Laudion bizi zela zaletu zen musika elektronikora. Bilbon bizi da orain, eta bertako eszenan murgilduta dago. Duela urtebete ekin zion musika pintxatzeari

Duela zenbait urte elkarrizketa bat egin genizun Aiaraldea Komunikabidean, argazkilari moduan. Oraingoan, aldiz, musikaren alorrean egiten duzun jarduna izango dugu hizpide gehienbat. Nola eman duzu esparru batetik besterako saltoa?

Musikan beti egon naiz, baina entzule moduan. Ni ez naiz mundu honetan duela gutxi sartu. Jagoba Gonzalez eta Mikel Morenorekin batera sartu nintzen mundu honetan. Jagobaren aitaren (Julio Gonzalez DJ laudioar beteranoa) eraginez hasi ginen 16 urterekin elektronika entzuten. Beti izan naiz musikaren oso frikia, eletronikarena eta baita gitarrena ere, azken alde hori orain apur bat ahaztuta dudan arren. Gogoratzen dut garai horretan Jagobaren aitak erakutsi ziola Mikel Morenori pintxatzen. Nik ere banuen horretarako gogoa, baina ez nintzen inoiz hasi. Bilbora bizitzera joan nintzenean erakutsi zidaten lagunek.

Pintxatu egiten duzula diozu. Hau da, ez duzu musika ekoizten.

Ez, ez dut ekoizten, eta ez dut ekoizteko interesik. 

Ez zaizu musika ekoiztea musika pintxatzea baino sortzaileagoa iruditzen?

Asko gustatzen zait galdera hau. DJa izatea ez da kantak ipintzea, arte bat da. Sesio bat egiteak zentzu bat izan behar du, istorio bat kontatzea bezalakoa da. Nahiko tipikoa da hori esatea, baina linealidade bat izan behar du. Nahasketa gustatzen zait niri. Nire egiteko modua ez da kanta bat bestearen atzetik jartzea. Ditudan track-ak luzeak dira normalean, eta 4-5 minutuko nahasketak egiten ditut. Hori interesatzen zait. Horregatik dio ez zaidala ekoizpena interesatzen, DJaren lanaren oso defendatzailea naiz. Gainera, azkenaldia sekulako eztanda egon da, mundu guztiak pintxatzen du orain. Hiru urte barru geratuko gara benetan interesa dugunok.  Baina orain, jende orok pintxatzen duenez, pintxatzea edozer gauza izan daiteke. Eta ez nago horrekin ados. Uste dut lan garrantzitsu eta serio bat dela. 

Entzuten duzun musika pintxatzen duzu edo sesioetarako berariaz hautatutako kantak dituzu?

Entzuten dudan musika pintxatzen dut. Horretan ere oso leiala naiz nire buruarekiko. Niri gehien gustatzen zaidan musika dantzarako elektronika da: tekno, trance, house… azpi-genero guztiak. Badago diskurtso bat dioena dantzarako elektronika jairako musika dela, alde batetik musika eta bestetik dantzarako elektronika egongo balira bezala. Horri lotuta, nik askotan esan dut dantzarako elektronika gustatzen zaidala, baina beste gauza batzuk ere entzuten ditudala. Baina, duela hiru urte inguru pentsatu nuen: “Zer ostia, hau da eta gehien gustatzen zaidala. Dantzarako elektronika da gogokoen dudana, gehien gozatzen dudana, negarrez jartzen nauena eta ASMRak sorrarazten dizkidana”. Orduz geroztik, dantzarako elektronikaren defendatzaile sutsua naiz.

Egia da azken urteetan eztanda handia egon dela, mundu orok ekoizten duela eta mila zaborrekin topo egiten duzula. Gauza on bat topatzeko 100 txar entzun behar dituzu. Bueno, ona eta txarra zer den ere definitu beharko genuke… betiko kontua da hori. 

Galderara itzuliz: bai, pintxatzen dudan musika bada etxean entzuten dudana, gustatzen zaidana, gozatzen dudana. Asko arakatzeko joera dut. YouTube da nire lan-erreminta. Bertan sartu eta orduak igarotzen ditut musika bilatzen. 

“Sekulako nagia ematen dit teknoa entzutera Bartzelona, Madril edo Berlinera doan jendea”

Bilakaera handia eman da musika elektronikoan azken urteetan. Imajinatzen dut zuk ere bilakaera bat izan duzula edo saiatu zarela zure estiloa bilatzen. 

Askotan diot asko pozten naizela horren berandu hasi izanaz pintxatzen. Asko. Izan ere, orain dudan background-a ez du jende askok, edo badu honetan urteak daramatzan jendeak. Gogoratzen dut behin lagun batek esan zidala pintxatzen ikasi nahi zuela, eta behin esan nion gogoak nituela jakiteko zer musika mota eskainiko zuen. “Hori da nire arazoa Amaia, ez dakidala”, erantzun zidan. Orduan pentsatu nuen: “eske egia da: badago jende bat denbora gehiago daramana pintxatzen musika entzuten baino”. Ni pintxatzen hasi nintzenean lagunek esan zidaten jada banuela soinu definitu bat, ez nintzela nire soinua bilatzen aritu behar izan. Pintxatzen duela 10 urte hasi izan banintz, teknoa soilik pintxatuko nuke, ‘tekno’ hitzaren zentzu hertsian. Gaur egun, aldiz, askoz gauza gehiago nahasten ditut. 

DJ moduan ezin dut bilakaera bati buruz hitz egin, uste dudalako denbora gutxi daramadala horretan…

Laudion igaro duzu zure gaztaroaren zati handi bat, baina gero Bilbora joan zinen bizitzera, eta bertako eszenarekin egin zenuen topo. Laudioko beste sortzaile batzuk (Mikel Moreno kasu) ere bertan daude. Zer nolako bilakaera izan du eszena horrek? Nola azaldu zenioke zertan dantza horri buruz ezer ez dakien pertsona bati?

Nik Laudiotik Bilbora joan nintzenean pentsatzen nuen Euskal Herrian ez zegoela ezer, baina badago. Beste kontu bat da txikia izatea eta, hain underground-a denez, ez da ezaguna publiko zabalarentzat. Zuk hemengo edozeini esan ahal diozu badagoela kalitate handiko eszena elektronikoa Bilbon, Iruñean eta Euskal Herrian, eta erantzungo dizu Berlinera joateko. Askotan diot: sekulako nagia ematen dit teknoa entzutera Bartzelona, Madril edo Berlinera doan jendea. Zoaz pikutara! Egon hemen eta egizu zerbait hemen, guk egiten ez badugu ez baitu inork egingo. 

Eta zer egoeratan dago Bilboko eszena? Nolakoa da?

Leioan Arte Ederrak ikasten dituen jendeak eragin handia du Bilboko eszenan. Ez diot bakarrak direnik, baina badituzte azpirazioak. Arte Ederretan sartzen den pertsona bat, gaur egun, zerbait egin nahi duen pertsona bat da, dena delakoa, eta gauzak bilatzen ditu. Belaunaldi aldaketa ere sumatzen da. 2002. urtean jaiotakoak sekulako gogokekin datoz. Ez dakit zein den pandemiak izan duen eragina horretan. Uste dut Internetek ere zerikusi handia duela. Jendeak ikusten du edozein pertsonak edozein gauza egin dezakeela Internet bidez eta, horregatik, eurek ez dute guk izan dugun etsipen ideia hori. Oso indartsu datoz.

"Ez dut uste belaunaldiek elkarren artean talka egiten dutenik, guztiz kontrakoa baizik"

Belaunaldi aldaketa nabaria ikusten duzu, beraz?

Bai, ikusten dut, baina ez dut uste belaunaldiek elkarren artean talka egiten dutenik, guztiz kontrakoa baizik. Izatez, lagun asko ditut 20 urtekoak,  eta orokorrean nahiko nahastuta ibiltzen gara denok. Bilbon gutxienez, badago 2000. urteko jendea, gero dago 1996-1997 urteetakoa eta gero gaude gu, 1991-1993 urteen artekoak, baina denak ibiltzen gara elkarrekin. Bi pertsona mota daude munduan: Arte Ederretako jendea eta euren lagunak (barreak). Badago jende bat ez dena karrera horretakoa baina badela, oro har, jende sortzailea. 

Eszena elektronikoa ez da itxia zentzu estilistikoan. Oso aberatsa da. Iruñean horretan zerikusi handia dauka Chill Mafia taldeak, eta horrek mugitzen duen guztia. Elektronika kontzertuetara goazen berdinak goaz gero gitarren kontzertu batera edo beste edozertara. Bilbon, adibidez, Soinu Basatiak kolektiboa sortu zen duela urtebete. Punk underground kontzertuak antolatzen hasi ziren, eta orain DJ set-ak ere egiten dituzte. Bateraezinak diruditen bi mundu horiek elkarrekin daude Bilbon, Donostin edo Iruñean. 

“Last Tourrek hanka bat sartu du underground munduan, baina horretan sinetsi gabe”

Kanpotik ikusita, badirudi pandemiarekin batera etorri zela euskal eszenara estilo aldaketa bat. Badirudi elektronika orain hasi dela nagusitzen euskal eszenan, baina elektronikak ere urte asko daramatza Euskal Herrian. Nola ikusten duzu zuk?

Alde batetik, zer da euskal musika? Esango nuke euskal identitatea krisian dagoela, zentzu onean. Bilbora iritsi baino lehen, pentsatzen nuen elektronika eta nire euskaldun izateko modua ez zirela bateragarriak. Ezin nintzen teknoaren fanatikoa eta euskalduna izan. Baina, Bilbora iristean, konturatu nintzen oso erratuta nengoela. 

Aldaketa bat eman da. Aspaldidanik dator, baina orain zabaltzen ari da publiko orokorrera. Lehen barrutik soilik ikusten zen eta orain kanpotik ere hasi da antzematen. 

Last Tourrek antolatutako Hirian jaialdian pintxatuko duzu datorren larunbatean (elkarrizketa hau ekainaren hasieran egin zen). Zer puntutara arte da bateragarria horrelako ekimen batean egotea aipatzen duzun eszena undergroundarekin?

Tira-bira handiak egon dira horrekin, bai. Ni oso erradikala naiz zentzu askotan, baina banaiz moderatua ere, sistemak dituen arrakalak baliatzerako orduan. Egia da Last Tourren azkeneko urteetan pare bat pertsona sartu direla eszena undergroundetik eta lortu dutela, hein batean, prekaritatean zeuden gauzei irteera bat ematea. Baina, orain, lehen kontrolpean zegoela zirudiena jada ez dago kontrolpean. Orduan, zer? Last Tour, BBK, Hirian jaialdia… pintxatu nahi dut toki horietan edo ez? Zalantzak ditut. Ez dakit nire izena ikusi nahi dudan itzulpen penagarriak egiten dituen  eta tokiko artista zaintzen ez duen enpresa batean. 

Baina, beste alde batetik, pentsatzen dut: Hirian jaialdian egongo da jende mordoa zu ikusiko zaituena kasualitatez. Ondo ordainduko didate, gauzak diren moduan: 50 euro emango balidakete ez nintzakete joango, argi daukat. Eta horrek aukera ematen dit niri etekina ateratzeko nire esparrura eramateko. Afterparty bat antolatuko dut larunbatean, ez duena zerikusirik Hirianekin ezta Last Tourrekin, nire poltsikotik jartzen dut dirua. Baina 'Hirianen afterra' bezala salduko dugu (ez modu esplizituan, noski), eta izango da hori egiten dugun hirugarren urtea. Ez da 'Hirianen afterra', ez duelako ekimen horrekin zerikusirik, baina badago pentsatua jaialdi horren osteko afterra izateko. 

Gerra dago, bai. Uste dut Last Tour bera kolokan jartzen hasi dela enpresa moduan. Hanka bat sartu du undergrorundean, baina undergroundean sinetsi gabe. 

“Uste nuen ezin nintzela teknoaren fanatikoa eta euskalduna izan, baina oso erratuta nengoen”

Imajinatzen dut dilema horretan datzala: nola baliatu 'sistemaren' arrakalak, 'sistemaren' parte bilakatu gabe. 

Bai, argi dago. Nola neurtu? Ez dago erantzunik, eta eman dezakezun erantzun oro zure iritzi pertsonala izango da, bakoitzak bere egoera pertsonaletik ikusten duelako. Zikin taldeari, adibidez, Hirianen jotzeko esan zioten eta ezetz esan zuten. Nik zergatik esan dut baietz? Baldintza onak bermatu ditudalako, ez iaz bezala. Iaz BBK Live akanpalekuan pintxatu nuen, eta baldintzak penagarriak izan ziren. 

Gainera, Miravallesek ere pintxatuko zuen, nire oso laguna dena, eta pentsatu nuen: zergatik ez? Ondo dago Hirianen egun batean pintxatzea, baina ez dut Last Tourrek ni eramatea nahi. Momentuz libre noa, baina uneren batean agentzia bat izango banu argi du ez dela Last Tour izango. Argi dut bazterrean mantendu nahi dudala. Balio du duzun balioa erakusteko: bai, zure ekitaldian pintxatuko dut, baina ez zaitut ni zapaltzen utziko. 

Gai konplikatua da. Badago jende oso itxia eta uko egiten diona horrelakoetan egoteari, eta oso errespetagarria da. Baina niri gehiago interesatzen zait euretaz apur bat aprobetxatu ahal izatea, eurak nitaz aprobetxatu gabe. Ondo ordaintzen didate, nire izena agertuko da hor, ezagutzen ez nauen jendeak ikusiko nau eta baliteke horren ondorioz nire ekitaldi batera joatea gero.

Sortzaile askorentzat bide logiko bat izango litzateke Hirian jaialdira joatea eta gero hortik sortu daitekezkeen beste aukeren bidez bide bat jorratzea, baina zuk jada aipatzen duzu ez duzula hori egingo. Zein bide jorratuko duzu, beraz?

Ez dut honetara dedikatu nahi. Pintxatzen hasi nintzenean berehala hartu nuen erraztasuna, eta bat-batean konturatu nintzen hau izan dela nire bizitza osoan zehar egin ditudan gauzetatik gehien gustatzen zaidana. Bizi-poza ematen dit. 

Horregatik, oso argi du ez dudala pilo bat ustiatu nahi. Ez dut hilabete bateko bira bat izan nahi eta astebururo emanaldi bat eskaini. Ez dut nire ekitaldietan soilik pintxatu nahi ezta, baina nahi dudana egin nahi dut. 

Honetaz bizitzea ere sano zaila da. Musikari gutxi bizi dira musikatik. Ez dut planik, egia esan. Jimmy Jazzen behin pintxatu nuen eta asko gustatu zitzaidan. Errepikatzea gustatuko litzaidake. Nahiko nuke baita Bartzelonara edo Galiziara joan, lagunak ditudalako bertan. Estatuan badago eszena, eta denok ezagutzen dugu elkar. Ezagutzera eman nahi dut nire burua, baina inolako aspiraziorik gabe. Ez dut interes berezirik nire izena jaialdi handien karteletan ikusteko, gehiago gustuko dut txikia dena. 

Eta musikaren aldetik?

Behin esan nion Miravallesi kezkatua nengoela urtebete neramalako musika pintxatzen eta beti gauza bera egiten nuelako. Beldur naiz hamar urte pasa eta eboluziorik ez izateaz. Baina berak esan zidan ez kezkatzeko, hori bere kabuz datorrela. Horregatik, horretan ere ez dut aspirazio berezirik. Noski dituzula krisiak. Nik pintxatzen ditudan gauza gehienak zaharrak dira, eta badut ezer berria eskaintzen ez dudanaren sentsazioa. Ez dakit galdera horri erantzuten. Zein da nire plana? Planik ez izatea (barreak).

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide