Atzo erasoa jasan zuen herritarrarekin eta zenbait lekukorekin harremanetan jarri da Aiaraldea Komunikabidea, eta bertsio bera azaldu diote guztiek.
Antza, Landaluzeko bizilagun hau etxetik jaisten ari zela, ikusi zuen emakume bat bere etxetik botatzen ari zirela. "Oihuka ari zen zerbait esaten bere semeari buruz eta gizonezko gazte batek ez zion uzten etxean sartzen. Hurbildu nintzen ikustera zer gertatzen zen eta gizonak nire aurka jo zuen. Hala ere, nik ez nuen atzera egin eta aurre egiteko jarrera erakutsi nuen, nahiz eta superheroia ez naizen, pertsona bati egin ahal diot aurre", azaldu du laudioarrak.
Hori ikusita, gizonezkoa etxean sartu zen eta makila batekin atera zen. Gainera, beste pertsona bat batu zitzaion barrutik. "Eskua patrikara bota zuen, laban bat ateratzeko asmoa izango balu bezala", adierazi du erasotuak.
Orduan, ihes egitea erabaki zuen: "Korrika hasi nintzen eta ikusi nuen lehen leku jendetsuan sartu nintzen, fruta denda batean. Fruta kutxa bat hartu eta hori erabili nuen nire burua defendatzeko".
Hala ere, erasotzaileek lortu zuten makilarekin kolpe bat ematea buruan eta gero ihes egin zuten. Erasotuak jakin izan duenez, Ertzaintzak identifikatu zuen egilea.
Erasotuak ez du salaketa jarri, ertzainek informatu baitzioten erasotzaileek aurrekari ugari dituztela eta ezer gutxi lortuko zuela. Hala ere, gertakariari buruzko informazioa gorde zuen poliziak eta herritar honek beste arazoren bat izanez gero, salaketa jartzeko aukera izango du.
Herritarrak, kolpea jaso arren, ondo dagoela adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari.