Guardian enpresako sindikatuen ordezkariek bilera egin zuten atzo Laudioko udal gobernu taldearekin eta horrek jakinarazi zien nola dagoen Glavista konpainia berriro irekitzeko prozesua.
Zehazki, Udalak mahai gainean jarri zituen erakunde publikoen ondorioak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailburuak, Arabako Foru Aldundiak eta Glavistako Zordunen Lehiaketako arduradunek uste dute Javier Garciak egindako erosketa eskaintza serioa dela eta inbertsoreen bidez babestuta dagoela. Horrela ziurtatu du Merkataritza Epaitegiak ere.
Hori dela eta, Glavistaren etorkizunean oztopo bakarra da, euren ustez, Guardian Industries konpainiak duen jarrera, lantegiko lursailen salmentari uko egin diolako.
Guardianen gezurrak
Sindikatuek adierazi dute erakundeen ondorioek agerian utzi dituztela Guardian enpresako zuzendaritzak esan dizkien gezurrak, salmenta gauzatzeko hirigintza arazoak zeudela, adibidez.
Halaber, langile ordezkariek azpimarratu dute eurei emandako argudioak eta Eusko Jaurlaritzari eskainitakoak ezberdinak izan direla.
Azkenik, sindikatuek adierazi dute inork ez duela ulertzen Guardianen jarrera, salmenta berarentzat ere izango litzatekeelako onuragarria. Gainera, uste dute jokaera horrek zalantzak sortzen dituela ez bakarrik Glavistaren eta bertako 240 lanpostuen inguruan, baita Guardian Laudioren inguruan ere.
Mobilizazioak
Bitartean, Glavistako langileek bi mobilizazioa gehiago deitu dituzte. Bat bihar izango da 12:00etan Laudioko Udaletxearen aurrean eta bestea ostiralean ordu berean Guardian enpresako lantegiaren sarreran.
Astelehenean egin zuten prentsaurrekoa eta elkarretaratzea toki horretan, azken asteetan gertatutakoak jendarteratzeko: