Uda garaia baliatuko dute Laudioko hiru ikastetxe publikotako fatxadak eta sabaiak konpontzeko

Jone Gartzia Gerra 2023ko uzt. 14a, 18:00

Ainize Gastaka alkateak prentsaurrekoa eman du gaur goizean lanen nondik norakoak azaltzeko. / Aiaraldea.eus

Fabian Legorburun, Latiorron eta Lamuzan egingo dituzte lanak eta Udalak 300.000 euro baino gehiago inbertituko ditu. Lehenengo jarduketak datorren astean hasiko dituzte eta guztien helburua izango da ikastetxeetako “energia-eraginkortasuna hobetzea”.

Guztira, Udalak 329.514,07 euro inbertituko ditu Fabian Legorburu HLHIn, Latiorro HLHIn eta Lamuza HLHIn egin beharreko jarduketetan. Fabian Legorburu ikastetxearen kanpoko estalkia eta arotzeria konponduko dute, Lamuzan alboko fatxada berrituko dute eta Latiorro ikastetxean kanpoko arotzerian esku-hartuko dute.

Jarduketa hauekin, Udalak “energia-eraginkortasuna hobetu” nahi du, eraikinek “ikastetxe gisa erabiltzeko erosotasun termiko onargarria” lor dezaten. Horregatik zentratuko dira eskoletako fatxadetan eta sabaietan udan egingo dituzten lanak.

Konponketak fatxadetan eta estalkietan

Lamuzan hasiko dituzte lanak, datorren astean bertan. Otsailean udal arduradunek ikastetxeko zuzendaritza-taldearekin egin zuten bileran egiaztatu zuten mendebaldeko fatxada egoera txarrean dagoela. Ondorioz, Udalak “osorik saneatuko” duela iragarri du, “estaldura jarraitu berriarekin”. Lau astez jardungo dira bertan lanean eta guztira 22.644,18 euro inbertituko dituzte bertan.

Horrez gain, gogoratu behar da eskola horretako jolastokia inklusibo bihurtzeko lanei ere ekingo diotela, Eusko Jaurlaritzaren ‘Udalpatiolaguntza’ programaren bidez eta Udalaren finantzaketa propioarekin. Lan horiek urte amaieran amaitzea aurreikusten du tokiko gobernuak.

Aretako Fabian Legorburu ikastetxean eskolako eraikin zaharreko (2. zenbakiduna) estalkian egingo dituzte konponketak. Bertan daude psikomotrizitate, musika eta informatika gelak eta gimnasio estalia. Iragazgaiztearen egoera txarraren ondorioz, itoginak eta hezetasuna agertzen dira sabaian euri garaian.

Eremu oso horren iragazgaiztea konponduko dute bi hilabete iraungo duten eta 34.606,37 euroko inbertsioa ekarriko duten lanekin. Gainera, beste 74.827,07 euro erabiliko dituzte ikastetxearen kanpoko arotzeria ordezteko ludoteka eta gimnasioa hartzen dituen eraikinean. 2019an Eusko Jaurlaritzak eraikin horren hegoaldeko fatxadako arotzeria aldatu zuen.

Latiorroko ikastetxean ere kanpoko arotzeriaren zati bat aldatuko dute. Zehazki, haurren jolastoki gisa erabiltzen den beheko solairuan esku-hartuko dute, bai eta Ortega-Gasset eraikineko bigarren solairuan ere. Lan horiek 197.436,45 euroko aurrekontua dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide