ARIADNA MARTINEZ

“Musikarien prozesua askotan oso bakartia da”

Jone Gartzia Gerra 2023ko uzt. 18a, 15:00
Madril eta Laudio artean bizi da Ariadna Martinez, eta sarri joan ohi da Iruñera lanera. / Ariadnamartinez.com

Sopranoak urte hasieran jakin zuen datorren denboraldian Espainiako Orkestra eta Abesbatza Nazionalean arituko zela; baina, berriki denboraldiaren aurkezpena egin arte, isilpean gorde behar izan du informazioa. Laudioarra Aiaraldea komunikabidearekin aritu da kontzertuak bere ibilbidean izango duen garrantziaz eta prestakuntza prozesuaz.

Laudio eta Madril artean bizi den Ariadna Martinezek Faureren Requiema interpretatu beharko du Enrique Sanchez baritonoarekin batera eta Edmundo Vidal zuzendariaren agindupean. Sopranoak azaldu du ez dela ohiko hildakoentzako meza, “argitsua” eta “esperantzagarria” baita.

Faurerem Requiema ez da ohiko hildakoentzako meza, "argitsua" eta “esperantzagarria” da.

Ahots-mailan esaldi luzeak abestu beharko ditu eta ahotsarekin “interpretazio handia” eman beharko die; izan ere, batzuetan samurra eta gozoa izan behar da eta besteetan dramatikoagoa, eta horregatik ahotsarekin “kolore ugari” bilatu beharko ditu.

Hori izango da laudioarraren erronka nagusia. “Opera batean pertsonaia bat egiten baduzu, jantziak eta abar dituzu laguntzeko, baina, hemen zure ahotsa baino ez duzu eta ñabardurarik handienak bilatu behar dituzu”, zehaztu du. Bere zatia Pie Iesu bat da, zatirik lasaiena, otoitz moduko bat duena arimak bakean atseden har dezan.

Erronka bada ere, Martinez zorioneko sentitzen da, bai Orkestra eta Abesbatza Nazionalarekin aritzeko izango duen urrezko aukeragatik eta baita obra zehatz hau interpretatzeko abaguneagatik ere. Izan ere, laudioarrak aitortu du betidanik abestu nahi izan duela Faureren Requiema.

Prozesu bakartia

 

Urtarrilean egin zituzten abeslariak hautatzeko audizioak eta ordutik kontzertua izango den astera bitarte musikariek beren kabuz prestatu behar dituzte piezak. Emanaldia urtarrilaren 28an izango da, igandean, eta astelehen horretan bertan egingo dituzte lehen entseguak orkestra eta abesbatzarekin. “Gure ardura da egun horretara guztiz prestatuta iristea, edozein kontu konpondu ahal izateko. Hain landuta eraman behar dugu, ezen momentuan bertan eskatzen diguten edozein gauza aldatzeko gaitasuna izan behar baitugu”.

Musikariek ia urtebete eman beharko dute obra beren kabuz prestatzen, kontzertura ahalik eta prestatuen iristeko.

Momentuz, Martinez nahiko lasai dago, audiziorako lan handia egin behar izan baitzuen. Jakitun da hau orain arte eman duen kontzerturik garrantzitsuena izango dela, nazioarteko orkestra batean arituko baita eta horrek ikusgarritasun handia emango baitio. Hilabete batzuen buruan berriz hartuko ditu entseguak bere irakaslearen laguntzarekin, baina, bitartean, laudioarrak baditu hainbat proiektu eskuartean.

Beste lan batzuk

Esaterako, aurten Zaragozan opera bat emango du japonieraz, eta horrek berebiziko prestakuntza eskatuko dio. Datorren urtean Turandot opera egingo duela ere aurreratu du, non Liú pertsonaiaren papera abestuko duen.

Horrez gain, haurrei opera gerturatzeko proiektu bat ere badu. Pedagogo gisa material didaktikoa prestatzen du eta nahiz eta egitasmo horretan gutxiago abesten duen eta denbora asko hartzen dion, garrantzitsua iruditzen zaio horrelako kontuak egitea operak harrobia izan dezan. Bere helburua da haurrek ikustea opera ez dela zerbait arraroa, atsegina dela eta ez dela elitearentzako edo dirudunentzako gauza bat.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide