Aitor Lazkano Gorostidiren Laudioko jaiak. Denon jaiak lanak iragarriko ditu aurtengo sanrokeak. Epaimahai teknikoaren langa igaro ostean, beste 25 irudirekin batera lehiatu zen laudioarra eta 194 botorekin gailendu zen herri-bozketa fasean.
Lazkanok lehendabizi eskuz marraztu zituen afixaren protagonista diren pertsonaiak eta ostean digitalizatu eta koloreztatu zituen. Itzal eta marra gutxirekin, perspektiba-jolas ikusgarria osatu du laudioarrak. Aiaraldea komunikabidean egindako elkarrizketa batean Lazkanok azaldu zuen “Laudion dagoen aniztasuna” saiatu dela islatzen irudiarekin.
Atzo udal osoko bilkura aretoan izandako ekitaldian dagokion saria jaso zuen Ainize Gastaka alkatearen, Alvaro Barrios alkateordearen eta Sonia Respaldiza jaietako zinegotziaren eskutik. Ia udal-talde osoa egon zen ekitaldia babesten. Lazkanok 1.200 euro jaso zituen eta txupinazo egunerako gonbidapena.
Garazi Arteta, haurren artean garaile
6 eta 14 urte bitartekoen kategorian Garazi Arteta Mac Lean gailendu zen Pozik gaude izeneko lanarekin. Laudioarraren lanak jaietako elementu nagusiak biltzen ditu: buruhandiak, odolostea eta, noski, San Roke, hegan egiten.
Guztira, 36 kartel aurkeztu zituzten haurren kategorian, eta 11 urteko gazteak botoen %20 eskuratu zituen. Artetak 250 euro jaso zituen herriko saltokietan erosketak egiteko. Berak ere txupinazo egunerako gonbidapena jaso zuen eta bere irudia ikusiko du jaiekin lotutako hainbat euskarritan.