Elkarretaratzea egin dute Autoglas-Glavistako langileek gaur arratsaldean Laudioko Herriko plazan, 17:30etik 19:00etara. Ordu tarte hori ez dute kasualitatez hautatu. Izan ere, 18:00etan hasi da uztaileko Udal Osoko Bilkura, eta beharginak udaletxeko udalbatzar aretora igo dira euren aldarriak plazaratzera.
Azken asteetan eginiko irakurketa errepikatu dute langileek udal ordezkarien aurrean, eta eskaera zehatza luzatu diete: bizitzen ari diren egoerari “benetako eta berehalako konponbide bat” bilatzen jarraitzea, “horrela Laudioko lantegiaren etorkizuna bermatzeko”.
Udal ordezkariek, euren aldetik, duela astebete plazaratutako adierazpen instituzionala irakurri dute, eta talde politikoetako bozeramaileek elkartasun mezuak helarazi dizkiete langileei.