Etengabeko ikasketa prozesua da karatea; argi dauka Angel Dazak. Urte andana daramatza Laudioko Araba Karate Klubean maisu, baina ez dio sekula ikasteari utzi. Ekainean Amorebietara bertaratu zen, Espainiako Karate Federazioak deitutako azterketa batean parte hartzera. Modu horretan, 1. Dan gradua eskuratu zuen Goshin diziplinan.
Horrez gain, Dazak 4. Dan gradua lortu zuen 2020an. Kirol horretan 10. Dana da gradu gorena. Hala ere, maila goren horretara kirolari bakan batzuk baino ez dira iristen, estilo edo eskolen sortzaileak batik bat.
Zer da Goshina?
Angel Dazak berak azaldu duenez, autodefentsara bideratutako diziplina da Goshina. “Ostikadak eta ukabilkadak lantzeaz gain, luxazioak, proiekzioak eta autobabesera bideratutako era guztietako teknikak lantzen dira, balio handikoak gaur egungo garaietarako”, azaldu du Laudioko klubeko kideak. Bere hitzetan, oso diziplina “eraginkorra” da gizon zein emakumeentzat, “ez baita ezagutza tekniko handia behar horretan sakontzeko”.