EDURNE IBARRETXE, IMPLIKA ENPRESA

“Hau izan da nire lehen Enplegua Erregulatzeko Espedientea eta espero dut azkena izatea, baina argi dut borroka dela bide bakarra”

Txabi Alvarado Bañares 2023ko abu. 3a, 20:30

Edurne Ibarretxe -eskumatik hasita hirugarrena- bere lankideekin batera garaipena ospatzen. / ELA

Akordioa lortu dute Implika enpresako langileek, eta aukera izango dute lanera itzultzeko edo kaleratzeengatik kalte ordain handiagoa jasotzeko. Lan gatazkaren nondik norakoak kontatu ditu Edurne Ibarretxe laudioarrak.

130 egun baino gehiago igaro dituzte Implikako langileek greban, enpresak egin nahi zituen 150 kaleratzeen aurka (horietako 89 Bilboko egoitzakoak). “Zuzendaritzak 33 eguneko kalte ordaina proposatu zuen kaleratzeagatik, 12 hileko mugarekin”, azaldu du ELAk. Sindikatu horrek izan du gehiengoa negoziazio mahaian, eta proposamena baztertu zuen, “Andaluziako eta Valentziako bi zentrotako ordezkaritzekin batera”.

Grebaz gain, “borroka judiziala” ere abiatu zuten kaleratzeen aurka, eta emaitzak izan ditu. Espainiako Auzitegi Gorena langileen alde lerratu zen, eta horren ostean ELAk akordioa sinatu zuen zuzendaritzarekin, beharginek asanbladan onartu ostean.

Sindikatuak zehaztu duenez, akordioak eragina izango du Implikak Espainiako Estatuan dituen lantoki guztietan. Adostutakoaren arabera,  nahi duten langileek aukera izango dute lanera itzultzeko, 15 hilabeteko enplegu bermearekin. “Diziplinaz kanpoko kaleratze orok 40 eguneko kalte ordaina izango du, mugarik gabe”, gaineratu dute langileen ordezkariek.

Lanera itzuli nahi ez dutenek, aldiz, 45 eguneko kalte ordaina jasoko dute eta, horrez gain, 3.000 euro lineal jasoko dituzte.

Edurne Ibarretxeren bizipenak

Lanera itzuli ez diren langileen artean dago Edurne Ibarretxe. ELAko ordezkaria izan da Laudioko bizilaguna greban zehar. Bere hitzetan, ez da prozesu “batere erraza” izan, baina pozik dago lortutako emaitzarekin. Sindikatuaren jarrera goraipatu du bereziki, langileen alboan egon delako “eguneko 24 ordutan eta asteko 7 egunetan”.

Era berean, Ibarretxe “harro” azaldu da bere lankideekin batera garatutako “lan eta borrokaz”. “Hau izan da nire lehen Enplegua Erregulatzeko Espedientea eta espero dut azkena izatea, baina argi daukadana da borroka dela bide bakarra”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide